“Nire garaipenik handiena gustatzen zaidanaz bizitzea izan da”

Mikel Astarloza Pasai San Pedroko txirrindulari ohia da. 12 denboraldi egin zituen profesional mailan, bost Ag2r talde frantsesean eta zazpi Euskaltelen. 2013an erretiratu zen 33 urte zituela eta geroztik beste hainbat gauzatan murgilduta ibili da. Gaur egun Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolan dabil gazteei bere abilezia erakusten.

Zer datorkizu burura 2002ko Australiako “Down Under”-a aipatzean?
2002koa profesionaletako nire lehenengo lasterketa izan zen eta hortaz lasterketa nahiko berezia izan da beti. 2003an gainera irabaztea lortu nuen, zer eta bereziagoa. Profesional bezala debutatu nuen eta nire aurreneko garaipena hor izan zen. Estimu handia diot lasterketa horri eta herri horri.

Zein oroitzapen dituzu?
Urte dezente pasa dira, baina oso ondo oroitzen naiz. Profesionaletan Tourrarekin batera gehienetan lehiatu naizen lasterketa izan da. Nahiz eta egutegian lehenengo lasterketa izan, poliki-poliki izen handia hartu duela iruditzen zait. Oso berezia da niretzat.

Australian hasi eta Pekinen bukatu. Nola gogoratzen duzu azken lasterketa?
Nik uste dut aro modernoko aldaketa bizi izan dudala txirrindularitzan. Garai batean lasterketa klasikoak izaten ziren mugarriak edo aipagarrienak; Tourra, Giroa…, eta orain ere halaxe dira, baina profesionaletako nire azkeneko urteetan globalizazioa iritsi zen. Egutegia Europatik dezente urruntzen zen, lasterketetan parte hartzen genuen eta Pekingo itzulia izan zen profesionaletako nire azkeneko lasterketa. Nik uste txirrindularitzaren aldaketaren adibide garbia dela urteko azkeneko lasterketa non eta Txinan izatea.

Zuk zeuk, txirrindulari gisa, aldaketarik sumatu al zenuen?
Bai, argi dago. 22 urterekin pasa nintzen profesionaletara, nahiko gazte. Frantziako talde batean taldean aritu nintzen bost urtez, Ag2r taldean, eta oso gustura egon nintzen; besteak beste frantsesa ikasi nuen, atzerriko jende asko ezagutu nuen eta hortaz kultura ezberdinetako hainbat jende. Oso aberasgarria izan zen niretzat, lehenengo bost urte horietan asko ikasi nuen. Hortik aurrera azkeneko zazpi urteak Euskaltelen egin nituen, etxeko taldean eta etxeko jendearekin. Ordura arte kanpoan bizi izan nituen gauzekin alderatuz, beste alderdi bat bizi izan nuen. Nik uste erosoagoa izan zela bigarren aro hori.

12 denboraldi izan dira. Nola deskribatuko zenuke esperientzia?
Oso polita. Nik beti esaten dut nire garaipenik handiena, bizikletan behintzat, gustatzen zaidanaz bizitzea izan dela. Zoritxarrez jende gutxik dauka aukera hori, bere afizioa ofizio bihurtze hori pribilegiatu gutxiren esku izaten da, eta nire kasuan halaxe izan zen. Egia da kirol gogorra dela eta sakrifizio handia eskatzen duela, baina gustura egiten den momentutik argi dago zailtasun guztiak errazago eramaten direla.

Zein da gogoratzen duzun unerik onena?
Unerik onena Frantziako Tourreko garaipena izan zen, 2009an. Ni ez naiz izan garaipen asko lortu dituen txirrindularia, esprintean nahiko motela bainaiz. Erlojupekoak eta horrelakoak irabazten nituen, baina bestela kosta egiten zitzaidan besoak altxatzea. Profesionaletan hiru garaipen bakarra dauzkat, eta handiena eta oihartzun handiena izan zuena Frantziako Itzuliko etapa hori izan zen.

Frantziako Tourra oso gogoko duzula esan izan duzu. Zergatik?
Egia esan hori izan da txiki-txikitatik gehien jarraitu dudan lasterketa. Gogoratzen naiz, bizikletan lehiatzen hasi aurretik ere, udaran ohitura nuela etxean Tourra ikusteko. Mendiko etapak goizean goizetik ematen hasten ziren telebistaz eta etxetik ikusten nituen. Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasika ere ikusten nituen, baina niretzat Tourrak zerbait berezia zeukan. 2003an lehenengo aldiz ezagutu nuenean erabat txundituta geratu nintzen eta hortik aurrera nire egutegian beti izaten zen mugarria. Hortik aurrera osatzen nuen gainerako egutegia, baina beti argi edukita nire helburu nagusia Tourra zela.

Faltan botatzen al duzu orain?
Bai, asko gainera. Jendeak askotan esaten du txirrindularitza utzi eta ia bizikletan ibiltzeko gogorik ez duela izaten, edo bizikletak ikusteko gogorik ez duela. Nik alderantziz; bizikletan ibiltzen jarraitzen dut eta lasterketak ikusten ditut, ia txirrindularia nintzenean bezalaxe.

Eta zein izan da unerik zailena?
Bi urteko zigorra jaso nuenean. 2009tik 2011ra, bi urtetan zehar ezin izan nuen lehiatu. Nire kirol ibilbideko momenturik onenean bi urteko zigorra bete behar izatea oso gogorra izan zen. Itzuli nintzenean beste hiru urte egin nituen profesionaletan, baina niretzat ez zen gauza bera izan, azken batean bi urteko etena nabarmena baita. Kirol arloan maila onarekin itzuli nintzen eta Tourrera nire ametsa zelako itzuli nintzen, baina egia da 29 urtetatik 32rako salto horretan gorputzak pixka bat behera egin zuela nabaritu nuela.

Nola egin zenion aurre horrelako egoera bati?
Inguruko jendearen babesarekin. Bi urteetan zehar egunero egunero entrenatu nintzen, hurrengo egunean lehiatuko banu bezalaxe. Bi urte luze egiten dira, baina garai txarretatik ere ikasi egiten da. Nahiz eta oso luzea egin, bi urteko denboraldi horretan epe motzeko helburuak jartzen nizkion nire buruari zigor luze horri aurre egiteko.

Zer ikasi duzu txirrindularitzarengandik?
Zerrenda amaigabea da. Beti esaten dut profesionaletan 12 urte egin baditut ere, profesionala izan gabe beste horrenbeste egin nituela, eta txirrindularitzak asko eman dit. 11 urte nituela hasi nintzen lehiatzen eta 33 eduki arte lehiatu izan naiz. Ia 25 urte horietan pentsa zenbat lagun, zenbat ibilbide, zenbat errepide eta zenbat tokitan egon naizen bizikletari esker. Bizikletarengatik izan ez balitz ez nituen ezagutuko.

Zerbaiten damu zara?
Ez, ez naiz bizitzan gauza askotaz damutzen den horietakoa, eta bizikletan zehazki batere ez. Berriz ere jaioko banintz, berriz ere txirrindularia izatea gustatuko litzaidake eta egindako guztiak egingo nituzke. Arantzaren bat jartzeagatik, profesional bizitza Italiako Giroa ezagutu gabe utzi nuela esango nuke. Arantzaren bat izanez gero hori izango litzateke, baina egia da Tourrarekin hain itsututa egoteak beste lasterketa batzuk baztertzera eraman ninduela. Italiako Giroa horren adibide da.

Nolakoa da orain zure bizitza txirrindulari ohi bezala?
Bizikleta utzi bezain laster ikasten hasi nintzen; magisteritza ikasten ari naiz. Berriz ere bizitzan kokatzea tokatzen zaigu horrelako kirol bizitza luze baten ostean. Bitartean hainbat komunikabideentzako kolaborazioak egiten aritzen naiz. Bizitza lasai xamarra daramat, lehen egin ezin nuen guztia egiten dut.

Zure zaletasunen artean futbola, pilota eta arrauna ere badituzu. Orain gehiago praktikatzen al dituzu?
Denetik egiten dut. Lehen, adibidez, eskiatzea debekatuta geneukan eta orain noizean behin eskiatzera joaten naiz. Korrika egitea ere ia debekatuta izaten genuen eta korrika ere dezente ibiltzen naiz. Afizio horiek, pilota, futbola, arrauna eta gainerakoak, lehen ere jarraitzen nituen telebistan, baina orain, praktikatu baino gehiago, jarraitzailea naiz.

Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolan zabiltza orain. Nola doakizu?
Bai, umeen artean bizikleta sustatzeko proiektu txiki bat sortu genuen lehengo urtean eta oso gustura gaude. 16 neska-mutiko dauzkagu, 11 eta 16 urte bitartekoak, eta astean bitan elkartzen gara. Nik errepideko ikastaroak ematen dizkiet, baina nirekin batera beste zortzi lagun daude mountain bike, BMXa, errepidea, pista eta mekanika erakusteko. Zentzu horretan, bizikletak eskaintzen dituen modalitate guztiak erakustea da gure helburua.

Gazteen artean afizio handia dagoela ikusten al duzu?
Bai. Gure kasuan, adibidez, iaz 8 gazterekin hasi ginen eta aurtengoan 16 dauzkagu. Argi dago eskaria badagoela eta gaur egungo gazteek bizikleta maite dutela. Gure helburua hori bultzatzea da, eta ez bakarrik lehiaketara bideratuta. Mugikortasunari dagokionean edo besterik gabe disfrutatzera bizikletan irten daitezela da gure helburua eta horretan dihardugu.

Ume txiki bat duzu. Txirrindularia aterako al da?
Ez dakit, berari galdetu beharko diogu. Nik uste dut norberak erabaki behar duela zer egin nahi duen bere bizitzarekin. Niri noski gustatuko litzaidakeela bizikletan ibiltzea, baina ez naiz izango bizikleta sartuko dion horietakoa. Aukeratu dezala berak nahi duen kirola, baina egia esan gustatuko litzaidake bizikleta edo beste edozein kirol egitea eta gustuko izatea.

También te puede interesar

0 comentarios