“Amets bat izango litzateke urrezko domina Rion lortzea”

eli pinedo

Eli Pinedo Bera Bera eskubaloi taldeko jokalaria da. Amurrion jaioa, Donostiako taldera joan zen gazte zela eta bertan urte asko eman ditu. Tartean beste hainbat taldetan jokatzeko aukera ere izan du; horien artean, Danimarkako Handball Club Odense. Duela gutxi Mundialean izan zen Espainiako selekzioarekin, eta irabazi ez arren, Joko Olinpikoetarako sailkatzea lortu zuten.

Zergatik hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Eskolan hasi nintzen lagunekin gustura nengoelako. Nahiko ondo moldatzen nintzela ikusi nuen eta horregatik jarraitu nuen.

Zenbat urte daramatzazu profesionaletan?
Profesionaletan 18 urterekin hasi nintzen eta orain 34 dauzkat, atera kontuak.

Lagunekin hasi eta profesionaletara iritsi. Nolakoa izan zen aldaketa hori?
Profesionaletara iritsi baino lehen Euskal Liga jokatzen egon nintzen Eibarren, Arraten. Saltoa igarri nuen, oso ezberdina baita kadete eta jubeniletan jolastea. Profesional maila zorrotzagoa da eta aldaketa nabarmena izan zen. Gogorra ere izan zen hasieran, baina gero oso gustura sentitzen nintzen eta gainera gustuko daukadan kirola egiten nuen.

Nola deskribatuko zinateke jokalari gisa?
Borrokalaria naiz, langilea izan naiz beti, ametsak jarraitzen ditut eta batzuetan bete izan dira. Konstantea, jokalari erregularra.

Eta kantxatik kanpo?
Alaia, lagunen laguna. Oso zaila da bakoitzak bere burua deskribatzea.

Hainbat taldetan ibili zara. Non duzu oroitzapenik onena?
Esperientzia oso politak izan ditut talde guztietan, baina oroitzapenik politena nire etxean bizi izan dudana da, Bera Beran. Urte asko daramatzat hor eta beti nire etxea sentitu izan dut. Adibidez, orain dela hiru denboraldi lehenengo liga eta lehenengo kopa irabazi genuenean oso berezia izan zen.

Danimarkan denboraldi bat egin zenuen. Ezberdintasunak ikusi al zenituen hango eta hemengo ligen artean?
Bai, asko. Danimarkan emakumezkoen eskubaloia oso profesionala da. Kontratuak oso ezberdinak dira, amatasuna kontutan hartzen dute zure kontratua sinatzerako orduan. Gainera, leku guztietan kiroldegiak bete egiten dira. Oso ezberdina da eta asko igartzen da.

Nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita. Hasieran oso gogorra izan zen, abuztua hasieran iritsi nintzen eta hemen udara zen, baina han hotz egiten zuen. Ni bakarrik joan nintzen gainera, eta hizkuntzaren arazoa ere hor nuen. Gero oso ondo moldatu nintzen ingelesarekin eta denboraldia bukatu zenean oso balantze polita egin nuen.

Handik Bera Berara itzuli zinen. Gustura zaude taldean?
Bai, oso gustura. 2003 edo 2004an joan nintzen kanpora Bera Beratik eta urtero pentsatu izan dut bueltatuko nintzela. Ez nekien noiz, baina beti sentitu izan dut bueltatzeko behar hori. Esan dizudan moduan nire etxea sentitu izan dut eta nire bihotza beti Bera Berakin egon da nahiz eta beste talde batean jolastu.

Aukera hobea izanez gero, Bera Bera utziko al zenuke?
Aukerak urtero izaten ditut, batez ere kanpoko taldeen eskaintzak izaten ditut, baina dena baloratu behar da. Egia da ekonomikoki kanpoko edozein taldetan eskaintza hobeagoa izaten dela, eta profesional arloan ere beti hobea izaten da. Hemen badakigu nola dagoen emakumezkoen eskubaloia, baina nik uste dut orain nagoen momentuan beste gauza asko baloratu behar direla; nire taldea dela baloratu behar da, Bera Bera, betikoa, eta nire lagunekin eta nire familiarekin nagoela. Urte pila bat egon naiz kanpoan eta hori sakrifizio handia izan da niretzako. Beste gauza batzuk baloratu behar dira, dena ez da dirua edo txapeldunen liga jolastea.

Espainiako selekzioan ere ibili zara. Azkena, abenduan Danimarkako Mundialean. Zein sentsazioekin bukatu zenuen?
Sentsazioak ez ziren oso onak izan, goiz bueltatu baikinen, pentsatzen genuena baino goizago. Azkenean Mundiala Norvegiak irabazi zuenez, Rioko Joko Olinpikoetarako sailkapena lortu genuen. Beraz, helburua lortu da, munduko txapelketan gure rola oso ona ez izan arren.

Nola eraman zenuten Norvegiaren menpe egotea sailkapena lortzeko?
Norvegiaren menpe egotea hoberena da, normalean euren lana ondo egiten dute. Eurek lagundu gaituzte Rioko Joko Olinpikoetara joaten, baina guk ere Europako txapelketan gure papera ondo egin genuen. Europako bigarrenak gara eta horregatik ere bagaude Rion, ez bakarrik Norvegiaren lan onagatik.

Zein zen helburu nagusia, Joko Olinpikoetarako sailkatzea edo Mundiala irabaztea?
Egia da hasierako helburua Mundialean goiko postuetan gelditzea zela, baina ezin izan genuen lortu. Oso partida txarra egin genuen Frantziaren aurka eta gure lehenengo helburua ez zen bete. Etorkizunera begira, Riorako billetea lortu dugu eta pozik gaude horregatik.

Frantziako partida horretako arbitrajea nahiko polemikoa izan zen.
Egia da arbitrajea ez zela oso ona izan, baina nik ez dut uste arrazoi horregatik kanpoan gelditu ginenik. Nire ustez bigarren zatian gauzak ez genituen ondo egin, baloi asko galdu genituen. Nik uste dut errua gurea izan zela. Nahiago izaten dut gure jokoan pentsatu eta ez arbitroari akatsak atera. Gure esku zegoen partida irabaztea eta ez genituen gauzak ondo egin, bigarren zatian batez ere.

Gauza arraroak pasa zirela esan zen.
Bai. Berandu iritsi ginen kiroldegira, goizean arbitraje bikotea aldatu zuten… horrelako gauzak. Batzuetan pentsatzen duzu pixka bat arraroa izan zela dena, baina nik nahiago dut gure jokoan pentsatu. Gure lana jokoa da eta arbitroei kulpa botatzearekin ez dugu ezer konpontzen. Nahiago dut gure erruetan pentsatzea eta hurrengorako hobetzea, ikastea eta akats horiek ez errepikatzen saiatzea.

Hasi al zarete Rion pentsatzen?
Bai, pixkanaka bai. Oraindik hilabete asko falta dira eta orain Bera Beran zentratuta nago. Pentsatuko dugu Rion pixka bat aurrerago.

Oraindik lortu ez duzuen urrezko domina ekartzeko asmotan?
Ekartzeko asmoa daukat, baina zaila izaten da. Egia da falta zaidana dela, urrezkoa, eta amets bat izango litzateke Rion lortzea, baina oso zaila izaten da.

Hemengo ligari begiratuz, Bera Bera bide onetik al doa?
Bai, nik uste dut baietz. Momentu honetan ez dago gure esku liga irabaztea, gelditzen diren partida guztiak irabazi behar baititugu eta Rocasak behintzat partida bakarra galdu behar du eta gure aurka beste bat. Orduan zaila da, baina egia da edozein gauza gerta litekeela eta liga irabazteko borrokatuko dugu.

Erreginaren Kopan Aiala Zarautzen aurka tokatu zaizue, derbi gipuzkoarra izango da.
Sorpresa handia izan zen Zarautzen aurka jolastu beharrak. Behintzat bidaia luze hori kentzen dugu, autobusez joaten gara beti eta orain 15 minututako bidaia bat egitea luxu bat da. Derbia denez polita izango da, Zarauzko afizioa oso afizio ona da eta uste dut oso giro polita egongo dela.

Zein da zure aurtengo helburu nagusia?
Helburu bat baino gehiago daukat, baina Bera Berakin liga eta kopa irabaztea. Gero denboraldia Rion bukatzea amets bat da. Ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oporretara joango. Bi helburu horiek: ekipoarekin bat eta selekzioarekin beste bat.

Noiz arte ikusten zara eskubaloian jokatzen?
Gorputza inteligentea da eta esango dit noiz gelditu. Momentuz fisikoki ondo sentitzen naiz, gustura nago eta motibazio handia daukat jolasten jarraitzeko. Erabakiko dut aurrerago noiz gelditu eta noiz utzi.

También te puede interesar

0 comentarios