“Denboraldia espero nuena baino askoz hobeto hasi dut”

Ane Santesteban

Ane Santesteban 25 urteko txirrindulari profesionala da. Errenteriakoa da, baina orain Veronatik oso gertu bizi da, Italiako Cipollini taldeko kidea baita. Denboraldia Argentinan hasi du, San Luiseko Tourrean, eta oso emaitza onak lortu ditu. Horrela lan egiten jarraitzen badu, bere aurtengo helburua betetzeko bidean egongo da: Rioko Joko Olinpikoetan egotea.

Nola sortu zitzaizun txirrindularitzarenganako afizioa?
Txikitatik aitarekin joan naiz lasterketetara. Nire aita bai jubenil eta bai sub23 mailako talde batekin ibiltzen da eta txikitatik joan izan naiz berarekin.

Beste kirolik praktikatu izan al duzu?
Txikitan euskal dantza eta horrelakoak egin izan nituen, baina gero argi eduki nuen txirrindularitza zela gustatzen zitzaidana. Dena alde batera uztea erabaki nuen eta txirrindularitzarekin jarraitzea.

Txikitatik izan nahi al zenuen txirrindulari profesionala?
Ez, hasieran jolas bat bezala zen. Lasterketetara joaten nintzen, baina ia entrenatu gabe. Gero 16 bat urterekin argiago ikusi nuen txirrindularitza asko gustatzen zitzaidala eta pixkanaka ikusi nuen profesionala izan nahi nuela.

Aitak pozik hartuko zuen albistea.
Bai. Familia guztia beti nirekin dator, asko laguntzen dit, bestela beraien laguntzarik gabe hau ezinezkoa litzateke.

Aholkuak ematen al dizkizu?
Bai, urte asko daramatza mundu honetan eta ematen dizkidan aholku guztiak beti gustura jasotzen ditut.

Nola gogoratzen duzu zure debutaren eguna?
Orain dela urte asko hasi nintzen, duela 15 urte inguru. Gogoratzen naiz Donostian izan zela, Zuatzun. Bai, gogoratzen naiz, baina txikitan nahiko txarra nintzen.

Zer diozu?
Bai, ni beti oso txikia izan naiz eta nire adinekoak askoz ere handiagoak ziren. Beraiek zuten indarra nik ez neukan eta asko sufritzen nuen.

Eta noiz hasi zinen gailentzen?
14 edo 15 urterekin pixka bat gehiago ibiltzen hasi nintzen eta lehiatzen hasi nintzen. Beti mutilekin ibili naiz taldean eta beraiekin ateratzen nintzen entrenatzera. Mutil batek daukan maila emakume batek duena baino nahiko altuagoa izaten da normalean. Horregatik beraiek sufriarazi egiten zidaten, baina gero pixkanaka hobetuz joan nintzen eta orain arte.

Noiz hasi zinen emakumezkoen taldean?
2009an. Sub23 mailara pasa nintzen eta hor erabaki nuen emakumezko talde batera pasa behar nuela, hori zela niretzako aukera onena, eta hala izan zen.

Hor hasi zinen profesional mailan?
Bai. Lehenengo hiru urteak Euskal Herriko Debabarrena taldean egin nuen, talde nahiko umila eta txikia, baina lasterketa askotara joan ginen eta egia esan esperientzia nahiko ona izan zen. Gero beste bi urte Bizkaia-Durango taldean egin nituen, eta ondoren Italiara joan nintzen. Hau hirugarren urtea da.

Urte asko pasa dira geroztik. Txirrindulari bera al zara?
Ez, nik uste dut Italian egotearen esperientziak aldarazi egin didala. Beti esaten dut Italiara pertsona bat joan zela eta beste Ane bat itzuli dela. Esperientzia oso ona da eta horrek pertsona bezala aldatzea egiten dizu. Orain oso ezberdina naiz.

Zer ikasi duzu?
Mentalitatea asko aldatu dut Italian nagoenetik. Hemen beldur asko dago, beste modu batera entrenatzen da eta lasterketetara beste mentalitate batekin joaten da. Han, Italian, argiago ikusi nuen gauza bat lortzeko lan asko egin behar dela. Egunero altxatzen naiz horrekin buruan eta entrenatzera joaten naiz lehen egiten ez nuen moduan.

Nola sortu zitzaizun Italiara joateko aukera?
Nik bilatu nuen. Hiru urte eman nituen Debabarrena taldean, eta beste bi urte Bizkaia-Durangon. Kanpora atera nahi nuela erabaki nuen eta esperientzia berri bat bizi. Zenbait talderekin hitz egin nuen eta Cipollinik baietz esan zidan. Nik onartu eta hara joan nintzen.

Argi zenuen hara joan nahi zenuela edo zalantzak izan zenituen?
Ez, argi neukan kanpora atera nahi nuela. Cipollini taldea asko gustatzen zitzaidan eta argi eduki nuen hara joan nahi nuela.

Zer botatzen duzu faltan hemendik?
Uste dut Euskal Herrikoak oso euskaldunak sentitzen garela, eta joaten naizen tokietara euskalduna naizela esaten dut beti. Familia, lagunak eta Euskal Herria asko botatzen ditut faltan.

Nolako bizimodua daramazu Italian?
Txirrindulari baten bizimodua nahiko lasaia da: goizean entrenatu eta arratsaldean atseden hartu.

Eta ikasi.
Bai. Modulu bat ikasi nuen, Administrazioa eta finantzak, eta aurten unibertsitatean hasi naiz ADE ikasten.

Nola antolatzen zara?
Egia esan nahiko gogorra da. Entrenamendu lasaiak egiten ditudanean nahiko ondo moldatzen naiz, goizean entrenatu eta arratsalde guztia ikasteko daukat. Baina gehiago entrenatzen dudanean zaila egiten da, neke guztiarekin ikasten jartzea zaila da. Uste dut beharrezkoa dela ikastea eta horregatik esan nuen baietz. Hortxe nabil borrokan, zaila da, baina aterako dut.

Orain azterketetan zaude, ez da hala?
Bai, oraingoz bi egin ditut eta biak aprobatuta daude. Orain beste bi falta zaizkit, hurrengo astean.

Txirrindularitzara itzuliz, nola hasi duzu denboraldia?
Espero nuena baino askoz hobeto. Argentinan hasi naiz eta berez ez joatea erabaki nuen, baina arazo bat zela eta beste, taldetik deitu zidaten Argentinara joan behar nuela esanez. Dezente entrenatu nuen, baina ez nuen uste hain ondo hasiko nintzenik; etapa batean seigarren egin nuen eta sailkapen orokorrean hamargarren. Puntuak hartu ditut Joko Olinpikoetarako eta hori zen azkenean helburua.

Zergatik erabaki zenuen ez joatea?
Nire aurtengo helburua Joko Olinpikoetan egotea da. Abuztuan da, asko falta da, eta ezin zara oso goiz ondo hasi. Horregatik lasai hastea pentsatu genuen, martxoan eta apirilean ondo egon, gero atseden pixka bat hartu eta abuzturako ondo egon. Baina esan bezala zenbait arazo egon ziren taldean eta joatea erabaki genuen.

Zein aukera dituzu Joko Olinpikoetara joateko?
Espainia bezala sailkatu behar dugu eta oraingoz rankingean bi plaza ditugu. Puntuena ez da hain erraza, han beste lasterketa asko egiten baitituzte eta gu ez gara joaten. Hortaz ez ditugu puntuak hartzen eta puntuak hartzen dituztenek rankingean aurreratu egin daitezke eta guri plazaren bat kendu. Azkenean urte guztia ondo egon behar zara bi plaza edukitzeko, borrokan jarraitu beharko dugu.

Nolako denboraldia espero duzu?
Ona izatea espero dut, arazorik gabe. Lehengo urtean birus bat eduki nuen, mononukleosia, eta horri buelta ematea nahiko zaila izan zen. Gero denboraldi amaiera ona egin nuen eta gustura geratu nintzen. Aurten horrelakorik ez edukitzea espero dut, lesio edo gaixotasunik ez edukitzea. Nik behintzat dena emango dut eta ikusiko da noraino iritsi naitekeen.

Zein da zure txapelketarik gogokoena?
Emakumeen bira asko gustatzen zait. Beti kanpoan lehiatzera ohituta gaude eta egia da kanpoko lasterketetan dagoen giroa oso ona dela, baina etxean lehiatzea, gurasoak eta lagunak ondoan edukita, oso polita izaten da. Hori da niri gustatzen zaidan lasterketa.

Zein da txirrindularitzak eman dizun unerik onena?
Zaila da bakarrarekin gelditzea. Lehengo urtean hain gaizki pasa eta gero Munduko Kopan aurrean sartzea eta Toskanako Giroan eta Ardechen ere podiumera igotzea niretzat ikaragarria izan zen. Ez nuen espero, oso gaizki pasa nuen eta podiumean egotea niretzat oso garrantzitsua izan zen.

Laster itzultzeko asmoz edo Italian geratu nahi duzu?
Espainia mailan edo Euskal Herrian ere emakumezkoen talde bat sortzea espero dut, profesional mailan eta baldintza onekin. Oraingoz hori pixka bat zaila ikusten dut eta momentuz kanpoan jarraitu beharko dut.

También te puede interesar

0 comentarios