“Lehengo urtean gorakada nabarmena egin nuen jokoan”

Endika Barrenetxea

Endika Barrenetxea erremontean ibiltzen den gazte hernaniarra da. 25 urterekin profesional mailan dabil; duela sei urte debutatu zuen Barrenetxea IV bezala. Hernanikoa izanik Galarreta frontoia beti eduki izan du etxetik gertu eta askotan joan da bertara, partidak ikustera nahiz jokatzera.

Noiz eduki zenuen lehen aldiz xistera bat zure eskuen artean?
Facebookeko profilean horren argazkia igota daukat hain justu, ez dakit urte betera iristen naizen. Urte bete egin nuenean gutxi gorabehera, nire aitaren xistera da.

Bera ere erremontista al da?
Bai, nire aita Barrenetxea I izan zen eta ni IV.a naiz. Aita eta nire artean bi lehengusu pasa dira, Barrenetxea II. eta III.a, Iñaki eta Aitor.

Beraiekin ibiltzen al zara?
Ez, nik debutatu baino lehenago erretiratu ziren, entrenatzen hasi nintzenean gutxi gorabehera. Batek arazo fisikoengatik, bi belaunak hautsi baitzituen, lehenengo bat eta gero bestea. Eta beste lehengusuak 33 edo 34 urterekin uztea erabaki zuen. Nik debutatu baino lau bat urte lehenago utzi zuten erremontea.

Zergatik dago zure familia kirol honi hain lotuta?
Hasteko hernaniarrak gara eta Gipuzkoa mailan egon den erremonteko frontoirik ezagunenetariko bat azkeneko 40 edo 50 urtetan Galarreta izan da, Hernanin bertan dagoena. Egun batean nire aitari baten batek probatzera joateko esan zion ea nola zen ikusteko. Horrela hasi zen, pixkanaka, eta esan daiteke nire aitak ireki zuela familia guztian erremontearekin orain daukagun lotura hori. Denak beragatik hasi ziren frontoira hurbiltzen eta partidak ikusten. Azkenean, gauza baten eta bestearen ondorioz, bi lehengusuak hasi ziren. Beste lehengusu askok ere probatu zuten, baina ez zitzaien horren ondo eman. Nik txikitatik ikusi izan dutenez eta beti frontoira joan izan naizenez, betidanik eduki izan dut erremontista izateko gogoa eta 19 urterekin lortu nuen.

Zer ikasi duzu aitarengandik?
Dena, ia dakidan guztia esan dezakegu; bai erremontearen teoriaren gainean, bai bere historiaren gainean eta baita jokatzean eduki behar den jarreraren gainean. Aitak pixkanaka transmititu dizkidan gauzak izan dira. Gero ni kantxa barruan baloreak ikasten joan naiz eta nire burua kontrolatzen ikasi dut. Kantxa barruan zaudenean ondoan ez duzu inor, bakarrik moldatu behar zara eta hor ere gauzak ikasten dira. Baina gehiengoa behintzat aitak erakutsi dit.

Noiz jokatu zenuen lehengo aldiz?
14 bat urterekin gutxi gorabehera.

Eta ondo joan al zitzaizun?
Ez, oso indar gutxi neukan xistera mugitzeko. Ia gaitasun fisikorik ere ez neukan momentu horretan eta xisterak asko pisatzen du. 14 urterekin oraindik gorputza ondo garatu gabe neukan. Baina pare bat pilotakada jota gustura geratu nintzen, ez nuen besterik nahi. Xistera eskuan jantzi eta kantxa barruan pixka bat ibiltzea zen gauza. Horrekin konforme nengoen.

Beraz, zaila izango da gaztetxoentzat kirol honetan hastea.
Hala da. Xisterak ia 2 kilo pisatzen ditu, kilo bat eta 700 gramo inguru. Jendea probatzera etortzen denean, 16 urtetik beherakoei probatze hutsak ere ez duela merezi esaten diegu, ezin baita ezer egin.

Zer gustatzen zaizu egitea zure denbora librean?
Nire afizio gehienek ere kirolarekin dute zerikusia: mendia asko gustatzen zait, eskalatzea ere asko gustatzen zait… Horretaz gain, beste afizio batzuk baditut, kotxeak adibidez, baina gauza handirik gabe. Batik bat mendia eta eskalada.

Erremonteaz gain ikasi edo lanik egiten al duzu?
Bai, Administraritza gradu bat egin nuen eta gero komertzial bezala egon nintzen lanean. Urte bete egon nintzen eta komertzialen mundu hori ezagutu nuen. Aurrerago beste gradu bat ikastea erabaki nuen eta orain horretan ari naiz. Marketin eta Publizitatea ikasten ari naiz.

Eta gustuko al duzu?
Bai, oso gustura nago egia esan. Psikologiarekin zerikusi pixka bat du eta hori ere interesatzen zait. Pertsonek estimulu ezberdinetara nola erreakzionatzen duten eta beste zenbait gauza oso interesanteak iruditzen zaizkit. Marketina orain eta gero ere landu beharreko gauza izango dela iruditzen zait eta horregatik aukeratu nuen.

Erremonteak bizitzeko ematen al du?
Historian zehar 90. urtera arte gutxi gorabehera ez zen guztiz posiblea erremontearekin bakarrik bizitzea. Gero, 90. urtetik 2007ra arte esan dezakegu ahal zela bizi. Gaur egun bakarrik elitean edo punta-puntan dauden lehenengo 8 edo 10ak bizi daitezke erremonteaz. Gure artean, inguruko jendeak transmititzen dizkigun gauzengatik, denok garbi dugu erremonteaz gain lan bat eduki behar dela. Pilota oso gogorra da, ia mazizoa da, harri baten modukoa, eta 200 km/h abiaduran ibiltzen da. Pilota batek pertsona bat harrapatzen badu hezurren bat hausten du. Nik debutatu nuenetik sei pertsona erretiratu behar izan dira horrelako lesioengatik, edo baita bista galdu dutelako…

Hainbesterako?
Bai, orain dela hiru urte, Altuna II.a, oso erremontista ona eta bizitza guztian erremontean ibilitakoa, 33 urterekin eta bere momenturik onenean, pilotak begian jo zion eta ikusmena galdu zuen. Horrelako hainbat kasu bizi izan ditugu eta horrek demostratzen du ezin dela dena karta batera jokatu, dena erremontera bakarrik, gero bukatzen den momentuan nahiko galduta edo ezer eutsi gabe bezala gelditzen baitira. Esperientzia txar horiei esker ikusi izan dugu besteok gauza gehiago egin behar direla horretaz gain.

Zuk lesio garrantzitsurik izan al duzu?
Ez. Zenbait inpaktu eduki ditut. Adibidez, lehengo udaran bekaina ireki zidaten eta aurrekoan ezpaina. Horrelako gauzak eduki izan ditut, baina ez kantxatik kanpo eduki nauen ezer garrantzitsurik. Orkatilan min hartu izan dut, baina hori kirol guztietan ematen den gauza da. Horrelako gauzak bai, baina hortik aurrera ezer garrantzitsurik ez.

Xistera lotzeko moduak ez al du minik egiten?
Bai, lehenengo urtean oso zaila izaten da ordu laurden bat edo gehiago entrenatzea. Eskuan lotzen dugunean eskuko zirkulazioa mozten dugu. Eskua horretara ohitu arte gutxi gorabehera urte bete pasatzen da. Dagoeneko, horrenbeste urte eta gero, askotan eskuko zirkulazioa moztu arren eskuak ez du lo hartzen. Puntu horretara iritsi arte eta ordu beteko entrenamendu bat egin ahal izan arte, nik uste dut urte bete inguru pasatzen dela.

Ez al da arriskutsua zirkulazioa moztea?
Ez, ez dugu uste behintzat. Erremontista erretiratu batzuk azaleko arazoren bat izan dute, hezetasuna sortzen baita barruan. Zirkulazio aldetik ere baten batek izan ditu arazoak, baina orokorrean ez. Frontoiko beste modalitate askok zein ondorio uzten dituzten ikusita, erremonteak ez du horrelako ezer kontran. Esku pilotariei, adibidez, eskuak oso gaizki geratzen zaizkie askotan eta zirkulazio arazoak izaten dituzte.

Entrenatzaile lanak ere egiten dituzu, ez da hala?
Bai, orain dela urte eta erdi hasi nintzen. Oso gustura nago, oraintxe gazte batzuk ditut Galarretan entrenatzen. Bertan Igor Sarasua erremontista egon zen urte askoan zehar eta urteen poderioz bere kargua utzi egingo zuela esan zuen. Aukera bat sortu zen eta niri beti gustatu izan zaidanez, gustuko lan bezala hartu nuen. Asko gustatzen zait irakasle moduan ibiltzea eta gazteei baloreak erakustea.

Zein adin dute?
Orain 17 eta 24 urte bitarteko gazteak dauzkat.

Eta nola moldatzen dira?
Ondo, batzuk besteak baino hobeto, baina denbora gehiago daramatelako. Orokorrean, oraintxe bertan promesa politak ditugu zorte onez.

Etorkizun handiko harrobia al dago?
Bai. Agian ez da nahi bezain ugaria, baina daudenak maila ona ematen ari dira. Aurrera egiteko bidea daukatela ikusten zaie. Erremontea bezalako kirol batean hastean eta bidea zaila dela ikustean, normalean jendea desanimatu egiten da. Beste kiroletan, askotan jendeak kirola egiteko hartzen du modalitateren bat, baina erremontean hasten den jendea mentalizatuta etortzen da ahal izanez gero debutatzeko edo saiakera bat egiteko. Han juntatzen direnean, beraien artean sentsazio horiek elkarbanatzen dituzte; ondo doazela, agian debutatzeko aukera edukiko dutela… Bestalde, badago jendea ikusten duena ez doala horretara, atzera botatzen dira eta normalean uzten bukatzen dute. Hortaz, geratzen direnak normalean dena emateko prest egoten dira.

Jarraitzaile asko al ditu erremonteak?
Ezetz esango nuke, nahi baino gutxiago ziurrenik. Oraindik jende kopuru bat edo multzo dezente bat mugitzen du, baina pilotarekin konparatuta argi dago ezetz. Hala ere, beste modalitate askorekin konparatuta, bai. Pala, zesta punta, sega, aizkora eta beste modalitate asko daude horrenbeste jende mugitzen ez dutenak.

Jokalari gisa zein da zure indargunea?
Sakea, dudarik gabe.

Eta ahulgunea?
Ez nago ziur, baina errebotea esango nuke.

Lanean al zabiltza hori hobetzeko?
Bai, astero lantzen dugu. Debutatzeko minimo batzuetara iritsi behar duzu alderdi guztietan, nik minimo hori lortu dut eta pixkanaka bakoitzean puntu bat gehiago lortzen joan naiz. Argi daukat errebotean maila eman dudala, baina ez dut eduki beste gauzetan eduki duten progresio berdina. Besteetan antzeko maila neukan hasieran, dena nahiko parekatua zegoen, baina pixkanaka sakean eta boteak egiteko jokaldietan ia ohartu gabe goraka egin dut. Errebotean ere goraka egin dut, baina ez beste alderdietan bezala.

Zein da zure aurtengo helburua?
Lehengo urtea aztertuta, antzekoa izatea, konstante izaten jarraitu eta lanean jarraitu. Lehengo urtean gorakada nabarmena egin nuen jokoan eta aurten ere sentsazio hori daukat eta hala izatea espero dut. Ez naiz nire jokoaren %100a ateratzen ari eta %100 horretara gehiago gerturatu nahi dut, hori da nire hurrengo helburua. Ahal baldin bada %10 bat hobetu, hobeto, eta %15a baldin bada ere bai.

Denbora askoan ikusten al zara kirol honetan?
Baietz uste dut eta espero dut. Ez bada inongo istripurik edo ezbeharrik gertatzen, bai. Orain 25 urte dauzkat eta 19 urtetatik nabil profesional mailan. Nire inguruan jokatzen ari direnak, Javier Urrizak adibidez, momentu honetan rankingean lehengo dagoena eta joko aldetik hobekien dabilena, 34 urte dauzka. Beste bi 37 eta 38 urterekin oraindik maila handia ematen ari dira eta ahal izanez gero haien mailara iristea gustatuko litzaidake.

También te puede interesar

0 comentarios