“Nahiago dut postu oso lehiatu bat, inoren kontra lortutako lehenengo postua baino”

Foto: Iosu

Maite Maiora mendi-lasterketetako korrikalaria da, La Sportiva taldekoa. Iaz garaipen ugari lortu zituen; esaterako, Espainiako mendiko lasterketaren txapelduna izan zen, Euskadikoa ere, Europako txapelketan 3. postuan geratu zen eta lasterketa bertikalen Munduko Kopan ere. Orain sorbaldatik operatu berri dute, baina berehala martxan jartzeko asmotan dabil.

Noiztik zabiltza mendiko lasterketetan lehiatzen?
Lehiatzen 2011. urtetik. 2011an izan zen nire lehenengo lasterketa, Xoxoteko kilometro bertikala egin nuen uztailean.

Nola joan zitzaizun lehenengo proba hori?
Ondo, 3. postua lortu nuen. Ez nuen asko entrenatzen mendian, errepidean ibiltzen nintzen gehiago, baina hala ere ondo joan zitzaidan.

Nola iritsi zinen modalitate hau praktikatzera?
Ni beti joan izan naiz mendira, ondoren korrika hasi nintzen eta azkenean nire bi hobbyek bat egin zuten. Gaur egun, niretzat korrika mendira joateko era bat da.

Ez al da hobby bat baino gehiago?
Lasterketak zure gaitasuna noraino heltzen den neurtu dezaketen probak dira. Beste jende batekin jartzen zara lehian eta zer egiteko gai zaren ikusten duzu. Horregatik gustatzen zaizkit lasterketak, bestela lasterketetan ateratzen duzun adrenalina hori entrenamendu egun normal batean ateratzea niretzako ezinezkoa da.

Pertsona lehiakorra al zara?
Oso lehiakorra, bai, baina batez ere nire buruarekin, nire buruari exijitzen diodanarekin. Kirol mailan oso lehiakorra naiz, baina dena lasterketa barruan uzten dut. Pertsona bat nire aurkari handiena izan daiteke, baina behin lasterketa bukatuta, ez daukat inongo arazorik berarekin. Baina lasterketa barruan lehiakorra naiz.

Kirolaria izan al zara beti?
Beti egin izan dut kirola. Ez naiz inoiz atletismo talde batean ibili, baina beti egin izan dut kirola. Gaztetan eskiatzen ere hasi nintzen. Nire bizitza beti egon izan da kirolarekin lotuta.

Snowboarden lehiatzera iritsi zinen.
Bai, lasterketa bat edo beste egin nuen.

Eta zergatik utzi zenuen?
Karrera batzuk egin nituen eta konturatu nintzen presio gehiegi nuela. Gehiegi exijitzen nintzen eta oso urduri jartzen nintzen. ‘Hau ez dago niretzako eginda’, esaten nuen. Oso gaizki jartzen nintzen hango tentsioarekin.

Mendi-lasterketarekin ez al zaizu gauza bera gertatzen?
Agian hasieran bai, baina gaur egun ez. Mendiko lasterketan nire nerbioak kontrolatzen dakit, eta snowboardekin ere agian azkenean ikasiko nuen, baina arazo bat dago: lurrera erortzen zarela eta sekulako kolpea hartzen duzula, eta horrek hurrengo egunean ia mugitu ezinik egotea esan nahi du. Hortaz nerbioak kontrolatzea zailagoa da. Nik uste dut hor dagoela aldea, agian ikasiko nuke orduan ere kontrolatzen, baina ez nion denbora ere eman nire buruari horretarako.

Zein lekutan izan zara lehiatzen?
Adibidez iaz Afrikan egon nintzen, Mauricio Uharteetan, Montanan ere egon nintzen, Estatu Batuetan, Hong-Kongen, Lantau Uhartean, Norvegian, Italian askotan izan naiz… leku asko. Espainia mailan, niretzat Madrilera edo Cadizera joatea ia Mendarotik Donostiara joatea bezala da.

Ez al du aurrekontu handia eskatzen?
Bai eta ez. Mundu mailan lehiatu nahi baduzu eta alde batetik bestera ibili, bai, dirua behar da. Materialerako adibidez behar da. Guk zapatila pare pila bat apurtzen ditugu, baina ez da apurtu bakarrik, azkar gastatzen dira eta berriak edukitzea gustatzen zaigu. Nik nire poltsikotik erosi beharko banu, diru dezente da, baina ni La Sportiva taldekoa naiz eta material aldetik ez dut ezer behar. Bidaiei dagokienez, toki askotara gonbidatu egiten didate, beste askotan nire poltsikotik jartzen dut eta beste askotan La Sportiva arduratzen da. Azkenean lehentasun kontua da. Nire lanarekin, nire gastuak eta eguneroko gauzak ordaintzeaz gain, kirolean ere gastatzen dut.

Zertan egiten duzu lan?
Udaltzaina naiz ofizioz.

Nondik ateratzen duzu denbora dena egiteko?
Antolamendu kontua da, hemen ez dago sekreturik, lehentasunak ezarri behar dira. 24 ordu dauzkat egunean eta hortik atera behar dut denbora. Laguntza ere badaukat, inguruko jendeak gauza asko egiten laguntzen dit, baina nik egin behar dudana antolamendu kontua da, ez dago besterik.

Zein lasterketa duzu gustukoen?
Bihotzez argi dago Zegama-Aizkorri. Etxe ondoan daukagun karrera bat da eta Aizkorri niretzat beti izan da mendi berezi bat. Baina bestela, lasterketa moduan niretzako Dolomitetako Sky Race da hoberena. Asko gustatzen zait, distantziaz ez da asko, 23 kilometro, desnibel dezenterekin, 1800 metrokoa, eta 3000 metroko mendi batetik pasatzen gara. Gainera, afizioz, jendea, antolakuntza…, karrera ia perfektua da. Bihotzez Zegama-Aizkorri esango nuke, baina karrera bezala Dolomitetako honekin gelditzen naiz.

Zenbat aldiz hartu duzu parte Dolomitetako Sky Race-an?
Bost aldiz egin dut. Uztailean egiten den lasterketa bat da, baina han oso normala da bat-batean elurra egitea edo oso eguraldi txarra tokatzea. Erreskatea ezin baldin bada lekuren batera heldu, lasterketa moztu egiten da; beste hainbat aukera dituzte. Nik originala hiru aldiz egin dut eta ordezkoa bi aldiz.

2015ean garaipen ugari lortu zenituen. Halakorik espero al zenuen?
Karrera batean irabaztera irteten zara, bestela ezinezkoa da irabaztea. Garaipenak gustura hartzen dira eta postu onak lehiatuak izan badira ere bai. Nahiago dut postu oso lehiatu bat, inoren kontra lortutako lehenengo postua baino. Gustura hartzen diren postuak dira.

Zenbat lan egin duzu emaitza horiek lortzeko?
Asko esatea oso erantzun erraza dela uste dut. Eguneroko lana dela esango nuke. Inurri baten lana da nirea, pixkanaka handitzen joan den gauza bat. Lan asko.

Egunero entrenatzen al duzu?
Sei egun astean.

Bakarrik edo konpainiarekin?
%98an bakarrik entrenatzen dut. Bakarrik entrenatzea gustatzen zait, nire momentua da. Telefonoa askotan gainean eramaten dut, ez baldin bada asfaltoan mendian ia beti, baina bolumenik gabe. Noizean behin lagunekin joaten naiz eta gustura joaten naiz ere, baina printzipioz niri bakarrik joatea gustatzen zait.

Zein da kirol honek eman dizun unerik onena?
Une asko izan dira oso onak, eta oso txarrak ere. Bat esateko, Zegama-Aizkorrin podiumera hirugarren lekuan igo nintzeneko eguna. Analizatzen jarriz gero agian besteren bat esango nuke, baina bat esateko Zegamako podiuma.

Noiz izan zen?
Orain dela bi urte.

Eta unerik txarrena?
Hori onena izan bazen, txarrena hurrengo urtean Zegama-Aizkorria baino egun bat lehenago, bertan ez irteteko erabakia hartu behar izan nuenean.

Zergatik?
Lesio batengatik ezin izan nuen irten. Ezin nuen buruan sartu ez nintzela kapaz. Ez irtetea ez zegoen nire planen barruan, ez zitzaidan burutik pasa ere egin. Ezin nintzela irten onartu beharra ez zen oso trago ona izan.

Nola planteatzen duzu 2016. urtea?
Orain ebakuntza osteko momentuan nago sorbaldarekin, eta nire lehentasuna hau ondo ipintzea eta ea nola hasten naizen ikustea da. Helburu handiena urrian ultra-trail mundialera joatea da, uste dut denbora badaukatela sorbalda ondo ipini eta ondo entrenatzen hasteko, baina ikusiko da. Helburu handiena hori da eta bigarrena Zegama-Aizkorrin ateratzea.

Lehenago Andaluziako txapelketa duzu, ez da hala?
Bai, apirilaren 10ean da eta dena ondo badoa joatea da nire asmoa. Baina nagoen bezala nago eta nire plana bat izan daiteke eta nire gorputzak beste zerbait esan dezake. Dena ondo badoa han izango naiz, baina ezin dut ziurtasunez esan joango naizenik.

Txapelketa horretako irudi korporatiboa zara. Modalitate honetan erreferentetzat zaituztela esan al daiteke?
Ez dakit erreferentea naizen, nik gauza gutxi egin baititut. Ez da oso luzea, 55 kilometrokoa da, eta niri ondo datorkidan distantzia dela kontsideratzen dute. Ez da motza, baina luzea ere ez. Batzuentzat distantzia horretan erreferente modukoa izan naiteke.

Imajinatzen al duzu bizitza mendi-lasterketarik gabe?
Lasterketa gabe agian bai, baina kirolik gabe ez, eta mendirik gabe ere ez.

También te puede interesar

0 comentarios