“Urte hauetan batez ere segurtasuna irabazi dut”

Foto: Stefan Madaras

Esther Arrojeria Bera Bera eskubaloi taldeko jokalari usurbildarra da. 22 urte ditu, Erizaintza ikasten ari da eta duela hiru urte debutatu zuen talde donostiarrean. Iaz egin zuten bezala, Esther eta gainerako taldekideak aurten ere ligako txapeldunak izateko gogor ari dira lanean.

Zer dela eta hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Ni usurbildarra naiz eta han beti izan da eskubaloian jokatzeko joera. Nire anai-arrebak ere ni baino lehenago ibili ziren eta betidanik gustatu izan zait. Horregatik hasi nintzen.

Inoiz pentsatu al zenuen profesionala izatera iritsi zintezkeela?
Ez, sekula ez nuen pentsatu. Gustatzen zitzaidalako jokatzen nuen eta ez nuen inoiz horrelako itxaropenik eduki.

Beste kirolik egiten al zenuen?
Txikia nintzenean eskubaloia eta futbola egiten nuen, urte erdiz bakoitza. Oraindik txikiagoa nintzenean judo egiten nuen.

Horien artean zergatik aukeratu zenuen eskubaloia?
Nahiko argi nuen eskubaloia zela gehien gustatzen zitzaidana. Gainera, nire lagunek ere eskubaloiaren bidetik jarraitu zuten. Gustura jarraituz eta inguruak ere lagunduta, erabaki hori hartu nuen.

Zer gustatzen zaizu egitea zure denbora librean?
Denbora librea ateratzea lortzen dugunean, azkenean ikasketak eta partiden artean ez dugu asko, lagunekin plan ezberdinak egitea asko gustatzen zait: leku ezberdinak bisitatu, hemen Euskal Herriko txokoak bisitatzera joan, bai mendi aldera, bai itsaso aldera… Nahiko pelikula zalea naiz baita ere, zinera joatea gustatzen zait. Gauza normalak.

Ikasketak aipatu dituzu. Zer ari zara ikasten?
Erizaintzako azkeneko urtean nabil orain. Zorionez asko gustatzen zaidan beste arlo bat da eta bukatzekotan nabil.

Nola sortu zitzaizun Bera Beran jokatzeko aukera?
Jubenilen urtea amaitu nuenean, orduan Usurbilgo entrenatzailea zen Martin Larrañagak deitu zidan esanez Bera Beran Reyesen bigarren entrenatzaile izateko aukera eman ziotela eta niregatik ere interesa agertu zutela. Denboraldi-aurrea lehenengo mailako taldearekin egitea eskaini zidaten eta gero bigarren taldearekin jokatzea. Nik lehenengo taldean entrenatzeko aukera hori ez nuen galdu nahi izan eta horrelaxe izan zen Bera Berara etortzeko aukera.

Nola gogoratzen duzu debutatu zenuen egun hori?
Egia esan debutaren eguna ez dut oso egun polita bezala oroitzen. Oso urduri nengoen eta jokatu nituen minutu gutxi horietan ez nintzen oso gustura ibili. Behintzat lehenengo esperientzia bat izan zen, asko eskertuta hori bai Reyesi lehenengo minutu horiek emateagatik. Baina beste momentu batzuetan oroitzapen askoz hobea dut.

Zein unetan duzu oroitzapenik onena?
Alkobendasen irabazitako Kopa, benetan partaide sentitu nintzen lehenengo titulua izan zelako, eta lehengo urtean Kanarietan lortutako liga. Bi momentu horiek oso positiboki eta kariño espezialarekin gogoratzen ditut.

Berriz ere liga irabazteko itxaropenik ba al duzue?
Bai, orain gure esku dago liga eskuratzea edo ez. Guk hori lortu nahi genuen, baina denboraldi hasieran bi partida galdu genituen eta aukera hori galdu genuen. Baina orain berriro ere gure esku dago, gure jokoaren esku, gure konfiantzaren esku, eta nik uste dut aukerak egon badaudela. Orain arte bezala lanean jarraitzen badugu eta izaten ari garen eboluzio positiboarekin jarraitzen badugu, nik uste dut aukerak egon badaudela, baina zaila izango da, noski.

Partidarik ez galtzeko presioa al duzue?
Presio pixka bat bai. Guk badakigu partida guztiak irabazi behar ditugula liga Donostiara ekarri nahi badugu, hortaz presio puntu bat guk ere geure buruari jartzen diogu. Badakigu partida bakoitza final bat balitz bezala jokatu behar dugula eta ezin dugula bidean punturik utzi.

Larunbatean Aiala Zarautzen aurka irabazi zenuten Erreginaren Kopan. Nolako balorazioa egiten duzu?
Gu partida irabaztera joan ginen. Egia esan ez zen gure partida onenetarikoa izan, baina helburua lortu genuen. Badakigu Kopa lehiaketa guztiz ezberdina dela ligarekin alderatuz eta ez duela zerikusirik, edozer gerta daiteke. Lehenengo pausoa eman genuen, Porriñon egongo gara fase final horretan eta ilusionatuta gaude. Txapelketa oso polita da jokatzeko eta egia esan iristeko gogo handiarekin gaude.

Derbi gipuzkoarra izan zen. Nolako giroa zegoen?
Zarautzen giroaz ezin gara kexatu, harmailetan beti egoten den giroa zoragarria da. Zarautzen eskubaloiagatik dagoen zaletasuna nik uste dut ez dagoela beste inon, eta gehiago horrelako herri txiki bat izanda. Nahiz eta derbia izan eta bat kanpoan geratuko zela jakin arren, nik uste dut oso giro polita egon zela.

Jada hiru urte debutatu zenuela. Zer ikasi duzu denbora honetan?
Gauza asko ikasten dira, bai joko aldetik, bai pertsona bezala eta pistatik kanpoko beste aspektu askotan ere. Nik uste dut urte hauetan batez ere segurtasuna irabazi dutela. Joko aldetik ere izugarri pila ikasi dut, bai entrenatzaileengandik eta baita jokalariengandik ere.

Jokalari gisa eboluzio bat nabaritu duzu, beraz.
Bai, nik niregan eboluzio handia nabaritu dut jokatzeko trebetasun horretan. Lehenengo urtean beldurra ematen dizu baloia hartzea, eta ez zaizu ateratzen barrenean sentitzen duzuna benetan egitea. Orain, berriz, askoz trebetasun gehiagorekin ibiltzen naiz. Nik jokatzean sentitzen dudan sentsazioa ere ezberdina da, askoz gehiago disfrutatzen dut orain.

Eta zer geratzen zaizu ikasteko?
Beti daude ikasteko gauza asko. Joko aldetik gauza asko noski, gauza pila bat dauzkat ikasteko. Bestalde, izaera aldetik ere agian handinahi pixka bat gehiago edukitzea ez litzaidake batere gaizki etorriko, momentu batzuetan pixka bat neurekoiagoa izatea ere bai. Hala ere, nik uste dut orain jarraitzen ari naizen bidetik ondo nabilela eta ikasten jarraitzea espero dut.

Taldean gazteenetarikoa zara. Zein aholku jasotzen dituzu gainerako jokalariengandik?
Beraien esperientzia guztia transmititzen saiatzen dira, batez ere beteranoenak direnak. Segurtasuna eta lasaitasuna transmititzen saiatzen dira batez ere. Beraiek kontziente dira gu oraindik gazteak garela eta beraiek daukaten heldutasun maila hori ez daukagula. Baina beraiekin jokatzean gu seguru sentitzea lortu dute, gugan konfiantza dutela erakutsi dute. Nik uste dut horrek guri ere konfiantza ematen digula eta hori positiboki islatzen da jokoan.

Zenbateko garrantzia du eskubaloiak zure bizitzan?
Azkenean konturatzen zara pisu inportantea daukala, egunero ordu asko sartzen dituzu bertan entrenatzen. Horrez gain, konturatzen zara partida bukatu eta ezin duzula berehala ahaztu, partida txar baten ostean bereziki; gogo-aldartean ere eragina duela ohartzen zara. Horrek esan nahi du benetan aspektu garrantzitsua dela zure bizitzan. Baina nik gustu handiz egiten dut, dedikatzen diogun denbora gustatzen zaigulako dedikatzen diogu, eta espero dut urteetan horrela jarraitzea.

Junior mailako selekzioan izan zara, ez da hala?
Bai, azkeneko kontzentraziora joateko aukera izan nuen. Erreginaren Kopa nahiko txukuna atera zitzaidan eta Espainiako selekziora joateko ateak ireki zitzaizkidan. Oso oroitzapen polita daukat egia esan.

Nolako esperientzia izan zen?
Eduki nituenak baino aukera gehiago edukitzea gustatuko litzaidake. Partida oso gutxi jokatzeko aukera izan nuen eta asko nabaritu zen joaten nintzen lehenengo aldia zela, ez nengoelako bat eginda taldekideekin eta bestalde nerbioengatik. Izan ere, joaten zaren lehenengo aldia da, berria zara eta ezin duzu ekidin nerbio puntu hori edukitzea. Ez nintzen guztiz pozik atera egindako jokoarekin, baina behintzat esperientzia positibo bezala hartu nuen. Autoestimu aldetik ere bultzada handia eman zidan, jende asko ezagutzeko aukera izan nuen eta oso esperientzia positiboa izan zen.

Hor egon eta gero, selekzio absolutuan egoteko aukerarik ba al dago?
Hori pixka bat urrutiago ikusten dut. Aurten selekzio unibertsitarioan egoteko aukera izan dut, selekzio B bat izango litzatekeena. Ez nuen uste bertan egoteko aukera izango nuenik ere. Absolutukoa pixka bat urruti ikusten badut ere, inoiz ezin da esan ezinezkoa dela, baina nik zaila ikusten dut. Nik orain arte bezala lanean jarraituko dut, nork daki.

Bide onetik zoaz behintzat.
Bai, esan daiteke baietz, hau beste aukera bat da. Gainera udaran Mundiala jokatzeko aukera izatea espero dugu. Espainian jokatzen da eta selekzionatua baldin banaiz behintzat, Mundiala jokatzeko aukera izango dut. Hori beste esperientzia berri bat izango da, inoiz ez dut jokatu ez mundial, ez europeo, ez antzekorik. Beste esperientzia polit bat da klubetik kanpo beste jende batekin jokatzeko aukera, eta nazioartean jokatzeak esperientzia handia ematen du.

Aukera izanez gero Bera Bera utzi eta beste talde batetara joango al zinateke?
Inoiz ez dut aukera hori gehiegi pentsatu. Oraingoz Bera Beran oso gustura nago, gainera etxean bertan nago eta ikasketak egunean eramateko aukera ematen dit. Nik oraingoz ez dut aukera planteatzen, baina noizbait aukera edukiko banu, zergatik ez? Ez nuke aukera baztertuko.

Atzerriko talderen batera joango zinateke?
Aukera horretan oraindik gutxiago pentsatu dut. Esperientzia berri bezala beldur edo bertigo pixka bat emango lidake, batez ere hizkuntzaren kontuagatik edo joko ezberdinagatik. Baina aukera sortuko balitz agian planteatuko nuke.

Ba al duzu bereziki gustatzen zaizun talderen bat?
Ez, ez dut denbora gehiegi izaten beste ligak eta beste txapelketak jarraitu ahal izateko. Frantziakoa gehiago jarraitzen dut, gure taldekide ohi batzuk bertan daudelako eta beraien berri izaten dudalako. Baina bestela ez daukat preferentziarik.

Eta jokalarien artean ba al duzu norbait erreferentetzat?
Orain aktiboki daudenen artean niri asko gustatzen zaidana Macarena Aguilar da, selekzioko zentrala. Horrez gain, ni Bera Berara iritsi nintzenean gehien jarraitzen nuen jokalaria Eider Rubio izan zen eta etorri nintzenean laguntza handia jaso nuen beregandik. Nik uste beti edukiko dudala erreferenteen artean.

También te puede interesar

0 comentarios