“Eskuina hobetu beharra daukat”

Beñat Rezusta

Beñat Rezusta Bergarako pilotari profesionala da. 23 urteko gazte honen ezaugarri nabarmena atzelari ezkerra izatea da, berak debutatu baino lehen aspaldian ez zen halako atzelaririk. 2014an bigarren mailako Binakako eta Buruz Buruko txapelketak irabazi zituen, eta orain lehen mailako Binakakoan dabil buru-belarri Irujorekin batera emaitza ezin hobeak lortuz.

Nondik datorkizu pilotarenganako zaletasuna?
Txikitatik, familian beti egon da zaletasuna, lehengusuek eta osabek beti jokatu izan dute. Txikitatik hori ikusi izan dut eta etxean ikusita beti errazagoa da.

Beste kirolik egiten al zenuen txikitan?
Bai, denetik pixka bat. Gero pilotan eta futbolean batera ibili nintzen. Futbola kadete mailan utzi nuen, 15-16 urterekin, baina ordura arte bietan.

Zergatik utzi zenuen futbola?
Nahi izanez gero baneukan biekin jarraitzea, baina jada pilotan entrenamenduak pixka bat serioagoak ziren, entrenamendu gehiago egiten genituen. Gainera, gustura nenbilen pilotan eta horri begira, serioago hartze arren, futbola utzi nuen.

Orduan pilotari profesionala izatearekin pentsatzen al zenuen?
Ez, amets hori bazegoen, baina pentsatu sekula ez. Nik beti gustukoa izan dudalako jokatu izan dut, eta ez debutarekin pentsatzen, hori gero etorri den kontu bat izan da.

Zein pilotari zenuen erreferentetzat?
Atzelaria izanda ez da normalena, baina txikitatik beti Titin asko gustatu izan zait. Partida asko ikusi izan ditut, eta ez jokatzeko eragatik bakarrik, frontoiko jarrera horregatik ere.

2013ko San Juanetan debutatu zenuen. Nola gogoratzen duzu egun hori?
Eguna polita, baina jokatzeko orduan… Egia esan irabazi egin genuen, baina oso urduri nengoen. Ez dut pentsatzen ondo jokatu nuenik, baina egun bezala oso polita. Koadrilako jende mordoa elkartu ginen, lagun mordoa, jende mordoa, eta hori ahaztuko ez dudan egun bat da.

Nolako jokalaria zara?
Ez da normalena, baina ni atzelaria izanda ezkerra naiz. Orain, profesionalen artean, neu naiz dagoen bakarra. Besteengandik ezberdina; ezkerrarekin pilotari ematea daukat, baina eskuinarekin asko kostatzen zait. Hor daukat hobetu beharreko gauza garrantzitsuena eta horretarako entrenatzen ari gara.

Eta frontoitik kanpo nolakoa da Beñat?
Lagunekin egotea gustatzen zait, mendira ibiltzera joatea… Ezer espezialik ez.

Nola bizitzen dituzu partida aurreko uneak?
Partidaren arabera ezberdina izaten da, txapelketa bat bada edo ez, ezberdina da. Urduritasuna ez da berdina izaten, baina dagoeneko pixka bat hartuta daukagu gutxi gorabehera partida guztietako errutina. Partida aurretik ahalik eta ondoen berotzen saiatu eta gero ahalik eta ondoen jokatu.

Eta partida ondoren? Emaitzak eraginik izaten al du zuregan?
Hasiera batean bai. Partida bukatu eta galdu duzunean, lehenengo hamar minutu edo ordu laurdenean haserre hori egoten da. Baina, irabazi edo galdu baino gehiago, jokatzeko erak ere eragiten du, batzuetan galdu arren gustura geratzen baitzara. Azkenean ohitu beharreko gauza bat da, askotan tokatzen da galtzea eta hori ere poliki-poliki ikasten joaten da.

Zenbat denbora eskaintzen diozu pilotari?
Entrenatu ia egunero egiten dugu. Ez dut uste ordu aldetik ordu asko direnik. Egunero gimnasioko lana edo frontoiko entrenamendua egiten dut.

Pilotan jokatzeaz gain, ikasi edo lanik egiten al duzu?
Ez, orain ez. Debutatu aurretik modulu bat egin nuen. Beste bat egitea pentsatu izan dut, baina oraingoz ez. Ikusi egin behar hurrengo urtean zer edo zer egiten dudan, oraingoz ez behintzat.

Zein da pilotarekin bizi izan duzun esperientziarik onena?
Debutatu ondoren, nahiko denbora gutxian txapelen bat irabazteko aukera eduki nuen, eta egun horiek ez ditut ahaztuko. Gero debutarena esan dut nerbioekin ez nuela horren ondo jokatu, baina eguna bera ere oso polita izan zen.

Munduko txapelduna izan zineneko eguna ere ahaztezina izango da, ez da hala?
Bai, esperientzia oso polita, baina txapelketa bera ez zen izan sekulako mailakoa. Egia da txapelketa horretara joan ahal izateko aurretik hemen entrenamendu mordoa egin nuela, baina han Mexikoko jendea, Kubakoa… zegoen eta maila ez zen hemen dagoenaren adinakoa. Baina esperientzia aldetik, oso polita eta oso ona.

Eta esperientzia txarren bat?
Beti izaten da ezbeharren bat, baina nik oraingoz lesio larririk ez dut eduki. Eskuko minez zabiltzanean pasatzen da okerren, ondo jarri ezinik. Adibidez, debutatu eta partida batzuetan eskuko minarekin ibili nintzen, ondo jarri ezinik. Orduan da gaizkien pasatzen denean, baina bestela ez dut lesio larririk eduki.

Orain Binakako txapelketan zabiltza buru-belarri. Zer moduz Irujorekin?
Ondo, poliki-poliki joan gara partidak irabazten. Orain garrantzitsuena finalerdietara ondo heltzea da. Ea hori lortzen dugun.

13 partidetatik bakarra galdu duzue. Espero al zenuen horrela hastea?
Inolaz ere ez. Hala ere, finalerdietan beste txapelketa bat hasten da, zerotik hasten gara eta horra ondo iristea izango da garrantzitsua.

Zein bikote egin zaizue zailena?
Aimar eta Urrutik osatzen dutena. Oso ondo daude, galdu genuen partida hori beraien kontra izan zen.

Zein helburu dituzu urteari begira?
Lehenengo txapelketa ea ondo bukatzen dugun, ea behintzat finalera sartzeko aukera daukagun. Gero Buruz Burukoa etorriko da. Aurten prestatzeko ez dut hainbeste denbora edukiko Binakakoan nahiko urrun iritsi garelako. Beranduago, uda partean ikusiko da zein partida dauden eta zenbat jokatzea daukagun.

También te puede interesar

0 comentarios