“Ez zait galtzea gustatzen”

Igor Genua

Igor Genua Hernaniko errugbi jokalaria da. 27 urteko gazte hau Espainiako selekzioarekin dabil errugbi 7an, aurten olinpiadetan ikusi ahal izango den modalitatea. Bertan egoteko helburuarekin, duela egun batzuk Fijin entrenatzetik etorri zen bertan hilabete bat eman ondoren.

Nola sortu zitzaizun errugbiarekiko interesa?
Hernaniko clubetik monitore pare bat etorri ziren ikastolara kirola erakustera. Probatzera gonbidatu ziguten eta horrela hasi ginen.

Beti jokatu izan al duzu Hernaniko taldean?
Bai, beti Hernanin. Ni hernaniarra naiz eta bertan hasi nintzen 12 urterekin. Orduz geroztik beti Hernanin.

Geroztik urte asko pasa dira. Zertan aldatu zara?
Aldatu baino gehiago nik uste dut heldutasuna lortu dudala. Lehen gazteagoa nintzenean jolasteko garaian gauzak ez zenituen hainbeste pentsatzen, iruditzen zitzaidana egiten nuen. Orain berriz partida aurretik pentsatu egiten dut eta partidan zehar ere, nola jolastu behar dudan pentsatzen dut. Gainera, nire postuak hori exijitzen du.

Lehiakorra al zara?
Bai, oso lehiakorra. Ez zait galtzea gustatzen, ezertan ere ez.

Ligako azken partidan galdu egin zenuten.
Bai, taldea pixka bat ukituta geratu zen partida horretan, gure aurkari zuzenaren kontra galdu baikenuen. Zuloan sartu genitzakeen eta bizi pixka bat eman diegu. Hala ere, konfiantzarekin gaude eta guk gure lana ondo egiten badugu ez dugu arazorik izango.

Nolako giroa duzue taldekideen artean?
Ona. Egia da asko eragiten gaituela partida galtzeak, baina badakigu ez garela honetaz bizi eta ahal duguna egiten dugula. Lehenengo mailan geratu nahi dugu eta partida guztiak irabazi nahi ditugu. Talde gaztea daukagu eta nik uste dut horrek asko egiten duela, astean zehar lasai entrenatzen jarraitzeko eta burua goian mantentzeko.

Errugbiaz gain beste zerbaitetan ibiltzen al zara?
Bai, orain beka bat kobratzen ari naiz, beka olinpiko bat. Etxean ere esku bat botatzen dut, jatetxe bat daukagu eta lehen hor egiten nuen lan. Orain alde horretatik profesionalizatu egin naizenez soldata bat daukat, baina bestela jatetxean laguntzen dut.

Entrenatzaile gisa aritzen al zara?
Orain ez, baina behin egon nintzen. Sorbaldan ebakuntza eduki nuenean jubenilak entrenatzen aritu nintzen Hernanin urte betez, baina orain ez daukat denborarik gazteak edo txikiak entrenatzeko. Beti esaten dut aurrerago denbora izango dudala entrenatzeko, jolasteko denbora orain bakarrik baita. Hemendik hamar urtetara jada ezingo dut jokatu, beraz, orain aprobetxatu behar dut. Saiatuko naiz ahal den heinean gaztetxoei erakusten.

Sorbaldaren ebakuntzatik guztiz errekuperatuta al zaude?
Bai, bi sorbaldak dauzkat ebakuntza eginda. Guztiz ondo nago eta hala jarraitzea espero dut. Hiperlaxoa naiz eta horregatik sorbaldak beti luxatu egiten zitzaizkidan. Urte dezente eman nituen horrela jokatzen eta azkenean ebakuntza egiteko erabakia hartu nuen; orain dela sei urte bat eta duela bi bestea.

Txikia zinenean imajinatzen al zenuen orain bizitzen ari zaren guztia?
Ez. Hasteko txiki-txikia nintzenean ez nekien errugbia zer zen ere, ez nekien existitzen zenik ere. Gero, jokatzen hasi nintzenean, ez nuen etorkizunean pentsatzen, aste-bukaeran partida jokatu behar nuela eta entrenamendua nuenean entrenatzera joan behar nuela soilik pentsatzen nuen. Ez nekien seniorrak liga batean edo bestean jokatzen zuten ere, niri horrek egia esan ez zidan axola edo ez nekien, eta gutxiago oraindik orain bizitzen ari naizena: mundu guztia ezagutu, asko bidaiatu, lehia maila ikaragarrian jolastu… Ezinezkoa da hori sinestea, txikitan behintzat, eta orain ere kostatzen zait.

Errugbia edukiko ez bazenu orain zertan ibiliko zinateke?
Errugbian hasi baino lehen pilotan jolasten nuen, eta futbolean ere. Kirola izan dut beti buruan, ez dut pentsatu sekula medikua edo beste ezer izatea. Beti momentuan pentsatu izan dut eta kirola da gehien gustatzen zaidana eta ondoen egiten dudana. Behintzat saiatzen naizenean gauzak ondo egiten ditut. Kirolean saiatzen naiz eta gauzak ateratzen dira.

Zer esan nahi du zuretzat Espainiako selekzioan jokatzeak?
Aukerak, aukerak izatea. Selekzioarekin estatu mailan jolastea ez da broma, gutxi batzuk lortzen dute eta 7koan gutxiago gainera, joko mota honetan jende gutxiagok jolasten baitu. Aukerak ematen ditu: bidaiatzeko aukera, errugbiaren maila handienean jokatzeko aukera, lagunak egiteko aukera, esperientzia berriak bizitzeko aukera…..

Zer ikasiko duzu?
Asko ikasi dut. Hemen jendeak maila oso altuan jolastu izan du, orain ere maila oso altuan jolasten dute, eta beraiengandik asko ikasi dut errugbiari dagokionez. Horretaz gain, bidaiatzen ibiltzen zarenean, mundua ezagutu eta munduan zehar nola ibili ere ikasten da. Ni lehen etxetik apenas ateratzen nintzen eta orain berriz badakit gutxi gorabehera nire burua zaintzen atzerrian.

Aldaketa handia al dago errugbi 7 eta 15aren artean?
Bai, zaila egiten da batetik bestera pasatzea. Mentalitate bat daukazu eta bat-batean kirolez aldatzen dizute. 7an tarte gehiago daukazu korri egiteko, baina 15ean berriz itxiagoa da jokoa eta egia esan mentalitatea aldatzea kostatzen da. Batez ere ni bezala bazabiltza, orain 7arekin bi aste edo hilabete bat, gero Hernanin aste bete edo bi… Epe oso motzean txipa askotan aldatu behar dut eta zaila egiten da egia esan.

Ekainean olinpiada aurreko txapelketa duzue Monakon. Nola doaz entrenamenduak?
Errugbian, kiroletan eta denean azkenean, egunero egunero lan asko egin behar da eta horretan ari gara emaitzak lortzeko. Orain apirilean txapelketa bat daukagu Hong Kongen, serie mundialetarako klasifikatzeko. Lehenengo hori daukagu buruan eta gero preolinpikoa. Lana, lana eta lana, ez daukagu beste sekreturik.

Olinpiadetan sailkatzeko itxaropenarekin?
Bai, zergatik ez. Talde oso gogorrak daude: Samoa, Kanada, Errusia… Oso zaila da, baina aukerak badaude eta aukerak dauden bitartean, badakizu, gogor horri.

Fijitik etorri berria zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Izugarria. Ez nuke sekula pentsatuko ni Fijin egongo nintzenik eta gutxiago hilabete, baina egia esan oso ondo. Bertako taldeekin lehiatu dugu, Fijiko selekzioarekin entrenatu dugu… Asko ikasi dugu bertako jendeaz, nola jolasten duten. Oso esperientzia polita eta oso intentsua izan da. 24 ordu beti jende berdinarekin eta toki txikian badakizu nola izaten den, azkenerako agobiatu xamarrak geunden, baina gustura, momentua aprobetxatzen.

Zikloia dela eta albiste izan zineten.
Egia esan ez genekien zer gertatuko zen momentura arte, zetorrena pixkanaka ikusten gindoazen eta nahiko gogorra izan zen. Gu uhartearen beheko aldean geunden eta zikloia goitik pasa zen, beraz, izan zitekeena baino askoz suabeago pasa zen. Haize indartsuenak 300 eta piko kilometro ordukoak ziren eta gurean gehienez 120-140ra iritsi ziren, gaitz erdi.

Ondorioak ez ziren handiak izan beraz.
Ez, olatuak bai sartu zirela resortean, zuhaitza batzuk ere bota zituen eta adar asko zeuden lurretik. Dena pixka bat hankaz gora geratu zen, baina ez zuen etxerik eraman ez ezer. Iparraldean adibidez bai, eraman zituen: etxeak altxa zituen, kotxeak ere, gasolinera okerrak ikusi genituen irudi batzuetan… Eskapada pixka bat egin genuen.

Zerekin geratzen zara esperientzia horretatik?
Bertako jendearekin, Fijiko jendearekin geratzen naiz. Gehien harritu ninduena izan zen: oso jatorra, gurekin oso ondo portatu ziren, beti irribarretsu eta beti laguntzeko prest.

Zuek ere laguntzen ibili zineten, ez da hala?
Bai, entrenamendutik iritsi ginen resortera eta ikusi genuen bertako langileak zakuak hondarrarekin betetzen ari zirela pareta bat egiteko eta ura etxeetara ez sartzeko. Hor esku bat bota genuen denon artean lehenago bukatzeko.

Munduko toki asko bisitatzeko aukera izan duzu. Zein gustatu zaizu gehien?
Zaila da esatea, toki askotan egon naiz. Fiji oso polita da, paradisua bezala da, baina Zeelanda Berria ere polita da.

Zein da errugbiarekin bizi izan duzun unerik onena?
Nik uste dut Hernanirekin bizitakoa, sentimenduagatik batez ere. Bigarren mailan urte dezente pasa genituen lehenengo mailara igo nahian eta duela lau urte igo ginen. Hainbeste kostatako lan bat lortzen duzunean aurrera ateratzeak poztasun handia sortzen dizu. Hernanin asko ospatu genuen, jende askorekin. Hernanin zaletasun handia dago eta denek harrera oso polita egin ziguten, plaza guztiz beteta gu Madrildik iritsi ginenerako.

También te puede interesar

0 comentarios