“Txirrindularitza uztekotan egon nintzen”

Aritz Bagües

Aritz Bagües Errenteriako txirrindulari profesionala da. 26 urte ditu eta azken bi denboraldiak Murias taldean eman ditu. 2011an egin zuen debuta Orbea taldearekin batera, eta bertan hiru urte iragan ondoren, amateur mailara jaitsi behar izan zuen urte betez, Murias taldearen proiektua atera zen arte.

Txikitatik izan al duzu gustuko txirrindularitza?
Bai, alebinetan hasi nintzen lehiatzen, 10 urterekin uste dut, eta beti gustatu izan zait.

Beste zaletasunik ba al zenuen?
Bai, ikastolan beti egin izan dut kirola. Korri egitea, futbolean ibiltzea… gustatu izan zait, baina korrika izan ezik nahiko txarra izan naiz beste kiroletan.

Noiz ohartu zinen txirrindularitza zuretzat garrantzitsua zela?
Unibertsitatean nintzenean, amateurretan, hor ikusi nuen gauza serioagoa zela. Lehenengo hiru urteetan bizikleta eta ikasketak uztartu nituen, eta laugarren urtean Orbeara pasa zidaten. Hor alde batera utzi nituen pixka bat ikasketak, proiektua bakarrik landu nuen urte horretan. Hortik aurrera bizikletari eman diot bakarrik. Horretara dedikatu nahi baduzu, denbora asko kentzen dizu eta ezin dituzu gauza asko egin.

Zaila izan al zen ikasketekin uztartzea?
Ez, amateurretan lehenengo urteetan nahiko ondo moldatu nintzen. Egia da ikasle ona izan naizela, zientzietan batez ere. Zortea eduki dut horretan. Hizkuntzak beti kostatu izan zaizkit, baina zientziak beti errez egin ditut eta ez dut arazo askorik eduki. Lehenengo hiru urteetan atera nuen ingeniaritza teknikoko karrera eta ez nuen arazorik eduki.

Etorkizun batean horretan lan egiteko asmoz?
Orain txirrindularitzan zentratuta daukat burua, baina badakit hau urte batzuetarako dela. Orain lan egoera ez dago batere ondo eta oso zaila da, batez ere esperientzia eduki gabe. Karrera bukatuta ez dut inoiz ezer egin ingeniaritzarekin lotuta, eta urte hauetan dezente ahaztu dut. Oraintxe bertan lanean jarriko banintz ez nintzateke ezertaz gogoratuko. Denborarekin zerbait gogoratuko nukeela pentsatzen dut.

Zein txirrindulari duzu erreferentetzat?
Ez dut inoiz erreferenterik eduki. Hainbat txirrindulari gustatu izan zaizkit, klasikomanoak batez ere, txirrindulari belgikarrak adibidez. Baina bat esateko, ez daukat inor.

2011an debutatu zenuen Orbean. Nolakoak izan ziren han eman zenituen urteak?
Hasieran pixka bat gogorra izan zen; profesionaletara igotzen zara, beste maila bat eskatzen dizute… Taldean asko presionatzen gintuzten gauza batzuekin eta psikologikoki zaila izan zen. Lasterketa gutxi korritzen genituen eta batez ere lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Gero, pixkanaka adinean aurrera joan ahala, burua aldatzen doa eta gustura sentitzera iritsi nintzen, arazorik gabe. Baina lehenengo urtea nahiko gogorra izan zen, presio aldetik batez ere.

Zer ikasi zenuen esperientzia horretatik?
Nire buruari kasu egiten, eta ez esaten dizuten guztiari. Bai egin behar dela kasu esaten dizutenari, baina zure buruari ere entzun behar diozu. Ezin duzu dena aintzat hartu, batzuetan depresio batean sartu zaitezke eta. Hori oso gogorra da, mundu honetan batez ere. Adibidez, pisuarekin arazo asko dago eta horrekin presio asko sartzen badizute, arazo larriak sor daitezke. Horretarako burua oso ondo eduki behar duzu, gogorra izan eta burua ez asko jan. Nik behintzat lehenengo urtean arazo dezente izan nituen pisuarekin, presio asko eduki nuen. Ez naiz inoiz gizena izan, baina presio askorekin azkenean buruak ez dizu ematen.

Zein baldintza ezartzen dituzte?
Ez dira baldintzak. Medikua etortzen zaizu, grasa neurtzen dizu eta esaten dizu: ‘mehea egon behar zara’. Ez zaio axola asko edo gutxi ibiltzen zaren. Hori buruarentzat zaila da, eta batez ere gaztea zarenean. Gero heltzen zarenean gauza bera esaten dizute, baina ez diozu kasurik egiten. Hasiera batean zaila eta gogorra da, eta pisua hain garrantzitsua ez dela ikusi behar da. Bada garrantzitsua, baina ez zaizkio mila buelta eman behar.

Eta zuri gazte harrapatu zintuen.
Bai, 21 urterekin gazteak gara, etxetik kanpo bizi gabe oraindik. Kanpoko lasterketa askotara joaten hasten zara; Frantziara, Portugalera… Presio asko dago, baina era berean normala da, gure lana baita, eta horretarako ordaintzen digute. Baina batzuk mentalki lehenago heltzen dira eta beste batzuk beranduago.

Profesionaletan egotetik amateur mailara pasa zinen. Nola hartu zenuen?
Bai, hiru urte izan ziren profesionaletan eta gero ia uztekotan egon nintzen. Azken momentuan Gipuzkoa taldearen deia eduki nuen eta esan zidaten hurrengo urtean agian profesional mailako proiektu bat aterako zela, eta ez uzteko, oraindik gaztea nintzela. Jende ezagun asko nuen taldean eta afizionatutan urte bete egin nezakeela pentsatu nuen, ea zer gertatzen zen. Egia esan erabaki ona izan zen, asko disfrutatu nuen eta oso ondo pasa genuen. Ez zen profesionala, baina hemen nago berriz ere.

Urte hori ez zitzaizun batere gaizki joan, hainbat txapelketa irabazi zenituen.
Bai, profesionaletan hiru urte pasa ondoren esperientzia eta maila asko handitzen dira. Amateurretan ni nintzen taldeko erreferentea, bai fisikoki eta bai mentalki. Hori ondo eraman nuen eta gauzak ondo atera ziren. Gainera, taldean oso ondo ibili ginen, giro oso ona genuen. Talde bat ginen eta dena batera egiten genuen. Garaipen onak lortu genituen, bai nik eta bai beste txirrindulari askok ere.

Ondoren Murias agertu izan ez balitz, zein erabaki hartuko zenukeen?
Murias agertu izan ez balitz txirrindularitza utzi egingo nuke ziurrenik. Urteak aurrera doaz eta bizimodu bat eduki behar duzu. Hau bizi dezaket, nire ametsa da, baina soldata gabe edo dirurik gabe, pena da, baina bizitza honetan ezin da ezer egin, dirua behar duzu jateko. Azkenean erabaki bat hartu behar da eta ez badago beste aukerarik, ezin da, utzi egin behar da. Nik nire ametsa, txikia baldin bada ere, bete dut.

Nola gogoratzen duzu Murias proiektuaren parte zinela jakin zenuen eguna?
Oso pozgarria izan zen. Nahiko berandu izan zen, azaroa edo urria, eta hori txirrindulari batentzat berandu da, hurrengo urterako entrenatzen egon behar baitzara. Ni entrenatzen hasi nintzen baiezko moduko bat eman baitzidaten, baina ez zen gauza ziurra. Erabakia hartu zenean asko alaitu ninduten, entrenatzen baitzaude eta ez dakizu zertarako; agian entrenatzen zabiltza eta hortik bi astetara utzi egin behar duzu. Eskakizun maila ezberdina da bizikletarako entrenatzea edo disfrutatzeko bizikletan ibiltzera ateratzea. Gauza bat da entrenatzea eta bestea bizikletan ibiltzera ateratzea, nik asko bereizten dut hori.

Nola doakizu denboraldia?
Aurten pixka bat lasaiago hasi behar nuen urtea, lasterketa asko ditugu eta, orain batez ere, apirila eta maiatzean. Nahiko ondo nago. Hilabete honetan arazo fisikoak eduki ditut, katarroarekin bueltaka ibili naiz; eguraldi honekin gaixotzen naiz, sendatzen naiz, baina euria hastean berriz gaixotzen naiz… Horrela daramat hilabete osoa. Pasako da garai hau eta ea apirilerako ondo nagoen eta lasterketak ondo ateratzen diren.

Azkeneko lasterketa Frantzian eduki duzu, ez da hala?
Bai, aurreko asteburuan egon nintzen Frantziako Kopako bi lasterketa korritzen, bai larunbata eta bai igandean.

Zer moduz joan zitzaizun?
Larunbateko karrera oso gogorra izan zen. Ondo nindoan, baina azkenean fisikoki lehertu egin nintzen. Nire ahultasun handienetako bat tripa da eta nahiko gaizki egon nintzen larunbat arratsaldean. Hori igandean dezente nabaritu nuen eta nahiko hutsa sentitu nintzen. Lortu nuen aurreneko taldean iristea, baina geratu egin nintzen, indarrik gabe bainengoen.

Eta taldea nola ikusten duzu?
Aurten pauso bat eman dugu. Txirrindulari gehiago gara taldean, 14 txirrindulari. Ez da asko, baina asteburu askotan taldea banatzeko ematen digu. Aurreko asteburuan, adibidez, hori egin genuen: Portugalen eta Frantzian izan ginen, zazpi eta zazpi. Taldea ondo dago, lasterketa asko ditugu eta maila onekoak gainera. Ea orain zorte pixka batekin garaipen gehiago lortzen ditugun. Nere taldekide Imanolek lortu du lehenengoa Portugalen, eta beti esaten da lehenengoa dela zailena. Ea hemendik aurrera gehiago lortzen ditugun edo behintzat emaitzak lortzen ditugun. Hor aurrean bagaude beti iritsi daiteke garaipenen bat.

Muriasek geroz eta jarraitzaile gehiago dituela uste al duzu?
Bai, jende askok jarraitzen digu. Hemen Euskal Herrian asko maite da txirrindularitza, jende askori gustatzen zaio. Egia da ez dela Euskaltel zena, gure kategoria txikiagoa da eta jendeak ez daki zein lasterketa korritzen ditugun. Badirudi kontinental mailako lasterketetan ez dagoela maila handirik, baina Frantziako Kopako lasterketetan adibidez talde frantses onenak zeuden eta maila handia dago. Hori jendeak ez daki eta horregatik ez dago hainbesteko zaletasuna. Hala ere, jendeak jarraitzen digu, sare sozialetan eta lasterketetan ere, eta eskertzen da egia esan.

Lagungarria izango da, ez?
Bai, beti da lagungarria jendeak zuri zoriontzea, animatzea eta lasterketetara joatea. Hemen jendeari asko gustatzen zaio txirrindularitza eta nik uste beti horrela izango dela. Asko maite da kirola.

Zein da txirrindularitzarekin bizi izan duzun unerik onena?
Amateurretara jaitsi nintzen urte hori. Helburu batzuk jarri nituen lasterketa batzuk irabazteko eta irabazi egin nituen. Horrek ilusio handia egin zidan, eta gero hortik berriz ere profesionaletara igotzeak ere nire buruarekin ondo sentiarazi zidan. Azkenean nik erabaki bat hartu nuen, amateurretara jaistea. Erabaki zaila izan zen niretzat, eta gero berriz ere nire burua profesionaletan ikusteak ilusio handia egin zidan. Erabaki ona hartu izanak animatu egin ninduen.

Eta unerik zailena?
Une zailak asko izan dira, baina zailenetakoa urte berdin horretan izan zen. Urtarrilean Malagan nengoen entrenatzen beste taldekide batzuekin. Zorte txarra eduki nuen: esprintak egin behar nituen entrenatzen eta aberia mekaniko baten ondorioz lurrera erori nintzen. Goiko ezpain osoa ebaki nuen eta ospitalera joan behar izan nuen kirurgia plastikoa egitera. Hortik denbora batera ebakuntza egin zidaten. Momentu gogorrak izan ziren, lehenengo astea batez ere. Aste oso bat egon nintzen ahoa itxiarekin, lastotxoarekin jaten eta oso gaizki pasa nuen, nahiko gogorra izan zen. Amateurretara jaitsi nintzen, animoak hartzea kostatu zitzaidan hasieran eta behin entrenatzen gogotsu nengoela hori pasa zitzaidan. Gero buelta eman nion eta dena ondo atera zen.

Zein lasterketatan gustatuko litzaizuke parte hartzea?
Beti ilusioa egin didan lasterketa Donostiako Klasikoa da, etxetik pasatzen baita. Euskal Herriko Itzulia ere, baina hau Euskal Herria osoan da eta batzuetan etxetik gertu den arren, besteetan ez. Donostiako Klasikoa ordea beti pasatzen da etxetik. Niretzako etxeko karrera da eta hori da ilusio handiena egiten didana.

Parte hartzea posible ikusten al duzu?
Zaila da. Ez dakigu zein izango den gure etorkizuna, ez pertsonala eta ez taldearena. Nik beti urtetik urtera pentsatzen dut, ez dut urrutira begiratzen, nahiago dut orain apirilean ditudan karreretan zentratu. Karrera garrantzitsuak dira, taldeak hor ondo egotea eskatu dit eta nik burua hor daukat. Ez dut aurrerago begiratzen. Nire lana ondo egiteko hobeto da epe motzera begiratu eta ez urteetara.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Talde osoak aurrerapauso bat ematea gustatuko litzaidake, kategoriaz igotzea eta hurrengo urtean Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa korritu ahal izatea. Hori izango litzateke nire ilusiorik handiena.

También te puede interesar

0 comentarios