“Hain gogorra izan da ez dudala aukera eduki momentua disfrutatzeko”

Alex Txikon

Nanga Parbat (8.126 m.) inork neguan eskalatu gabeko azken aurreko zortzimilakoa zen orain gutxi arte. Pasa den otsailaren 26an Alex Txikon gailurrera iritsi zen lehen aldiz, bere taldekide Ali ‘Sadpara’ eta Simone Mororekin batera. Jada hamar zortzimilako egin dituen Lemoako mendizale honek iaz saiakera bera egin zuen, baina ez zuen bere helburua lortu. Aurten, ordea, erronka gaindituta itzuli da etxera.

Alpinismoan historia egin duzu. Hortaz kontziente al zara?
Nik horri ez diot kasurik egiten. Badakizu zerk sentiarazten nauen harro eta zoriontsu? Jendeak gozatu egin duela jakiteak. Horrekin gelditu behar naiz eta horrekin geratzen naiz, argi eta garbi.

Noiz hartu zenuen helburutzat Nanga Parbat?
Pasa den urteko neguan, 2015ean. Asmoa K2 neguan eskalatzea zen, baina Txinako gobernuak ez zigun baimena eman. Horrela hasi zen gure istorioa Nanga Parbatekin.

Zer sentitu zenuen iaz gailurretik hain gertu ibili zinetela jakitean?
Ez dizut gezurrik esango, pila bat haserretu nintzen pasa den urtean, pila bat. Baina etxera itzuli eta handik aste betera egindako lanaz gozatzen hasten zara. Aurten bai, pozik nago egindako lanarekin. Harro sentitzen zara jendeak gozatu duela ikusten duzulako, disfrutatu duelako, eta horri ezin diozu ezetz esan. Pasa den urtearekin alderatuz pila bat gozatu dugu.

Aurreko esperientziak ikasteko balio izan al dizu?
Bai, noski. Pasa den urtean egindako lanarengatik eduki dugu arrakasta, aldez aurretik eduki dugun esperientziarengatik, planifikazioa, estrategia, lantaldea… eta pasio asko jarrita, noski.

Zenbateko burugogorkeria dago honen atzean?
Ez asko, izan ere, burugogorkeria obsesio bihurtu daiteke. Burugogorkeriarekin segurtasun neurrien maila jaisten duzu eta inongo logikarik gabe erabakiak hartzen hasten zara, pentsatu gabe, eta horrek okerreko erabakiak hartzea eragiten du. %100a eman behar duzu eta erabakiak ondo hartu, neguan ez baituzu margen handirik.

Horrelakorik pasa al zaizu?
Bai, asko. Adibidez, 2012an sei lagun ginen neguko espedizio batean eta hiru baino ez ginen etxera itzuli. Horregatik diot argi eta garbi askotan gertatzen dela. Baina beti saiatzen gara lanean erabaki onak hartzen.

Nola prestatzen da horrelako espedizio bat?
Nik uste dut esperientziarekin dena errazago dela. Planifikazioa, estrategia, baimenak, sokak, lantaldea… urte osoko lana da. Gutxi gorabehera maiatzean hasten zara prestatzen eta hiru edo lau hilabete ematen duzu logistika guztia prestatzen. Eta gero zuk zeuk entrenatu behar duzu azken batean.

Nola osatu zenuten lantaldea?
Lantaldeari begira autokritika apur bat egin behar dut, zenbait arazo eduki baititugu. Ni neu %100a ematen aritu naiz espedizioan, baina beste arlo batzuei begira gehiago egon naizelako etorri dira arazo horiek: logistika, baimenen kontua… eta lantaldeari begira ekaina edo uztailean hasiko nintzen. Jendeari galdezka aritu nintzen: “Aizu, etorriko zinateke hona?”, inongo irizpiderik gabe. Zentzu horretan ez dut asmatu.

Erabakiak hartzerako orduan elkar ulertzen zenuten edo desadostasunak al zeuden?
Lantaldean azkenean lider bat dago, ni izan naizela. Autokritika eginez, askotan isildu egin naiz eta ez da batere ona hainbeste isiltzea. Hor gauzak aurpegira esan behar dira, aurpegiratu egin behar dira eta zentzuduna izan behar duzu, eta nire kasuan beti isildu egiten naiz. Momentu txarretan, momentu gogorrenetan, bakoitzak gauza bat pentsatzen du eta normala da desadostasunak egotea.

Ekonomikoki laguntza nahikoak izan al dituzu?
Babesleengandik gutxi gorabehera %55a jasotzen dut, eta beste guztia gure ekarpenen bidez. Azkenean guk mendian egotea maite dugu eta maite dugun horrengatik asko emateko prest gaude.

Nola joan zen igoera?
Ondo, azkenean egun asko izan ziren. Euskal Herritik abenduaren 22an irten ginen eta 24an heldu ginen Islamabadera. Abenduaren 31tik martxoaren 3ra arte egon gara behe kanpamentu batean, orduan lan asko egin dugu. 34 egun baino gehiago egin dugu lan mendian, eta hori asko da neguko igoera bat izateko. Gero gailurrera iristeko besteak beste 6 egunetako saiakera izan da, gauean oso tenperatura baxuetan eta oso gogorra.

Nola ohitzen zara tenperatura hain baxuetara?
Azkenean ikasi egiten duzu eta tenperatura horrekin bizitzen jakiten duzu. Egoera zailetan aurre egiten eta zero azpitik 40 graduko tenperaturatan lo egiten ikasten duzu.

Zein oztopo aurkitu dituzue?
Oztopo asko, benetan. Adibidez, lehenengo kanpamentura heltzeko elur sakon asko zegoen, gero elur jausien arriskua, eguraldia ona dela esan eta gero hain ona ez izatea… Arazo pila bat.

Nolako eguraldia izan duzue?
Eguraldia askotan esaten zuten ona izango zela, baina gero txarra zen. Eta hori bezala beste gauza asko borrokatu behar izan ditugu. Elur sakona, eguraldi txarra, desadostasunak lagunen artean… Horri guztiari aurre egin behar izan diogu, eta ez da batere erraza.

Elur jausiekin une arriskutsurik izan al duzue?
Bai, batean harrapatu egin ninduen eta burua bakarrik gelditu zitzaidan elurretik kanpo. Horrelako momentuak tentsio puntuak dira, baina non zauden jakiteko balio dizute. Askotan errespetua galtzen duzu mendiarekiko, naturarekiko, eta batzuetan ondo daude horrelako gauzak.

Zenbateko joko psikologikoa eta zenbateko erronka fisikoa dago?
Joko psikologikoa asko, eta erronka fisikoa asko baita ere. Nik esango nuke oreka bat dagoela. Neguko igoeratan dena eman behar duzu, nahiz eta %99a egin, ez baduzu %1 hori egiten, ez duzu helburua lortzen edo sekulako izozketarekin jaitsi zaitezke behe kanpamentura. Beraz, %100a eman behar duzu.

Gailurrera iritsi gabe buelta ematea burutik pasa al zitzaizun?
Ez, goraka zoaz eta ez duzu pentsatzen ez duzula lortuko. Gora eta gora igotzea pentsatzen duzu, ahal den arte, baina obsesionatu gabe. Dena eman gabe baita, asko gorde behar baita jaitsierarako. Azkenean benetako tontorra behe kanpamentuan dago, argi eta garbi.

Behin tontorrera iritsita, zer egin edo zer pentsatu zenuen?
Momentu gogorrak ziren; zero azpitik 45-50 graduko tenperaturak agian, eta 30-40 kilometro orduko haize indarrarekin sentsazio termikoa zero azpitik 60-65 graduko tenperatura izan zitekeen. Orduan ez daukazu momentu bat disfrutatzeko. Egoera honetaz gozatzeko berriz igo beharko nuke Nanga Parbatera. Hain gogorra izan da ez dudala aukera eduki momentua disfrutatzeko.

Berriro igoko al zinateke?
Ez, batekin nahiko.

Nola joan zen jaitsiera?
Oso gogorra, oso konplikatua eta konpromiso handikoa. Sokarik gabe geunden, orduan ezin duzu akatsik egin, dena ondo egin behar duzu, dena perfektu. Ez baduzu perfektu egiten badakizu zer daukazun, ez dela beste bihar bat egongo. Kontzentrazio oso altuarekin eta ahal dena ematen saiatzen.

Zergatik ez zenuten soka?
Soka laugarren kanpamentura heldu aurretik bukatu zitzaigun. Bagenekien horrela izango zela, pasa den urtean bezalaxe. Zailtasun teknikoak gutxitu beharrean areagotu egiten dira eta azkenean gogorra da, baina horretarako entrenatuak eta prestatuak geunden.

Markak utzi al dizkizu espedizioak?
Fisikoki badaukat izozketatxoren bat, baina errekuperatuta nago gutxi gorabehera. Nik esango nuke markatuta beste zentzu batean zaudela, gauzak beste era batera pentsatzen dituzu.

Espero al zenuen komunikabideetan izan duen oihartzuna?
Ez. Kaletik zoazela argazki bat nahi izatea edo gelditzea eta zoriontzea gauza polita da, baina baliorik gabeko zerbait da. Azkenean zu zeu zuk egiten duzuna zara eta norberak norberarentzat egin behar ditu gauzak. Besteengan pentsatzen hastea, zer pentsatuko ote duten, ez dago batere ondo. Gauza polita da jendearen errekonozimendua eta hori dena, baina hori azkenean niretzako baliorik gabeko zerbait da. Zure lagunek eta zure jendeak zer uste duen da balio duena.

Nolako harrera izan duzu zure jendearen artean?
Ona, harrera ona. Jende asko pozik, oso gustura eta gozatu dute. Azken bost urte hauetako neguko igoerak eta gero, ginga jartzea bezala izan da. Babesleei, lagunei, jarraitzaileei, mendizale guztiei bueltan ematea, nire ustez ekarpen xume bat da Euskal Herriarentzat.

Gailurrera iritsi izan ez bazina beste saiakeraren bat egingo al zenuke?
Ez, nik garbi neukan hau izango zela azkena, banekien argi eta garbi. Lau aldiz igo ginen bigarren kanpamendutik gora, eta banekien azkena izango zela, dudarik gabe.

Hurrengo erronka batean pentsatzen hasi al zara?
Ez, orain udaberriaz disfrutatzea, Euskal Herriaz disfrutatzea eta bizitzaz disfrutatzea falta da.

También te puede interesar

0 comentarios