“Kazetari sena nire bihotzeko kirolean aplikatzen dut”

Nagore Odriozola

Nagore Odriozola Aiala Zarautz eskubaloi taldeko atezaina da. 24 urte ditu, zarauztarra da eta eskubaloiaren zale amorratua da. Ikasketak direla eta duela bi urte Bartzelonara joan zen eta bere betiko taldea utzi egin behar izan zuen. Bitartean taldea mailaz igo zen, eta orain etxera itzuli dela, eskubaloiaren lehen mailan jokatzen ibili da. Tamalez, Aialak ez du lortu kategoria mantentzea.

Larunbateko partida galdu ostean, maila-jaitsiera matematikoa da. Nola daude taldearen animoak?
Denboraldia nola doan ikusita, geratzen diren partidak ikusita eta gure aurkariek beren denboraldia nola ari diren aurrera eramaten ikusita, ez dut esango behean ikusten ginenik, baina errealistak izan behar gara. Balentziara onena emateko asmoarekin joan ginen, beti egiten dugun bezala. Beraiei bi puntu falta zitzaizkien kategoria mantentzeko, eta guk bagenekien galduta matematikoki behean geundela. Egia esan ez zigun gehiegi eragin, azkeneko txanpa honetan taldearen filosofia gozatzea izan baita. Nahiko gogorra izaten ari da urtea eta gozatu egin nahi genuen. Gainera, nik uste dut Balentziako bidai honek asko balio izan digula. Aspaldi ez genuela taldean bidaiatzen eta faltan botatzen ginen. Talde bezala nik uste dut asko irabazi dugula.

Nola erreakzionatu du inguruko jendeak?
Jendeak ez dio garrantzia handirik eman, nolabait ikusita baitzegoen. Errealistak gara denok eta badakigu nola funtzionatzen duen lehiaketak. Twitter-en emaitzak jarri zirenean, jaitsiera erreala zela bagenekiela komentatu genuen, eta urte guztian zehar babestu gaituen jendeak orain ere berdin egin du: burua goian edukitzeko, gozatzen jarraitzeko, oraindik liga ez dela bukatu… Nahiko positiboak izan gara urte guztian zehar eta jendea ere hala izan da gurekin.

Autokritikarik egin al duzue?
Bai, urte guztia goaz. Balentzian adibidez taldean elkartu ginen azkeneko txanpa honen aurrean gauzak nola hartu edo zein helburu jarri erabakitzeko. Autokritika asko egin dugu urte guztian zehar. Norberak ez dakit zer egin duen bere buruarekin, baina nik pertsonalki baietz esaten dizut, eta uste dut nire taldekideek ere hala egiten dutela.

Pertsonalki zer esango zenuke?
Ni urte gogor baten aurrean aurkitu naiz. Zarautzen hainbeste jenderen aurrean eta Zarautzek niretzat suposatzen duen guztiarekin, pista horretan jokatzea ardura handia dela iruditzen zait. Momentu batzuetan ez naiz egoerak eskatzen zuen mailan egon, baina niretzat ohore bat da ate horretan egotea eta kolore horiek defendatzea. Nik entrenamendu bakoitzean eta ahal izan duten guztietan gehiena eman dut eta horrekin oso gustura nago. Entrenatzaileak beti esaten digu denborarekin urte honetaz gogoratuko garela eta balorazio txiki bat egingo dugula: dena eman al nuen urte hartan? Ez al nuen eman? Gustura geratu al nintzen? Nik uste dut nire buruarekin zentzu horretan oso gustura geratuko naizela, eta urte gogorra izan arren, ilusio askorekin gogoratuko dudala beti.

Nola hartuko dituzue geratzen diren partidak?
Sekulako gogoekin gaude. Orain Granollers dator eta gogo asko dauzkagu, han ez baikenuen oso ondo jolastu. Ez genuen sentitu gu baino gehiago zirenik, orduan sentsazioa arraroarekin geratu ginen; agian pixka bat hobeto jolastu izan bagenu beste bi puntu geneuzkan. Nik uste dut, harrotasunagatik bakarrik, ezin direla lasai joan hemendik. Hortzez eta haginez defendatuko gara eta punturen bat lortzen saiatuko gara.

Iaz ez zeunden taldean maila-igoera eman zenean.
Ez, baina harmailetan nengoen, hori ez nuen galdu.

Ikusle bezala, nola bizitu zenuen partida hori?
Beti nire taldea izan da. Harmailetan zaude, baina ez duzu beraiek bezala bizitzen, ez da gauza bera hor behean egotea. Hala ere, izugarria izan zen. Jokalariek esaten dute izugarrizko sentsazioa eta esperientzia izan zela, baina kanpoan geundenok eta taldekoak izan garenontzat ere izugarria izan zen, amets bat. Hainbeste urte Zilarrezko Mailan pasa eta gero, urte gogorrak, hainbeste lan eta gero, hainbeste jende pasa denean ekipo honetatik, nork bere harri-koskorra ekarri duelarik…, azkenean amets bat lortu dela ikustea izugarria da.

Pena emango zizun momentu hartan atea zuk ez defendatzea.
Bai, noski, nori ez. Nork ez du amesten horrelako esperientzia bat bizitzearekin, ni lehenengoa. Nik bere garaian Bartzelonan urte bete gehiago jarraitzea erabaki nuen eta ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Momentu horretan atean zeudenak nire bi lagun dira, hortaz, asko poztu nintzen beraiengatik.

Zertan zenbiltzan Bartzelonan?
Karrera bukatu eta gero master bat egitera joan nintzen. Gainera, han nuen lagun bat eta biok Sant Esteve Sesrovires herrira joan ginen bertako eskubaloi taldean probatzera eta zortea izan genuen. Nire asmoa entrenatzea bakarrik zen, baina entrenatzaileak berehala esan zigun: “vosotras haceis ficha y a jugar”. Bi urte egon nintzen, Zilarrezko Maila baino bat beherago, Liga Catalana delakoan. Oso gustura ibili nintzen; beste liga bat ezagutzen duzu, beste talde batzuk, eta mailak harritu egin zidan. Ez naiz damutzen, esperientzia berriak dira eta disfrutatu egin nuen.

Zer ikasi duzu esperientzia horretatik?
Talde lana oso garrantzitsua dela, eta momentu on eta txarretan taldeak elkartuta egon behar duela. Oso urte irregularrak izan ziren; jendea lesionatu egin zen eta emaitza aldetik ez ziren helburuak lortu. Zentzu horretan dezepzio pixka bat eraman nuen, hara joan eta nire onena eman nahi bainuen, baina gero ikusten duzu hori ez dela nahikoa izan lortu nahi zena lortzeko. Dena dela, urte horietan nire buruarengan konfiantza asko irabazi nuen, minutu asko eman baitzizkidaten. Zarautzen oso zaila da: seniorretara igotzen zara, zure aurretik beste bi dauzkazu, zu baino helduagoak dira, oso onak dira, eta zuk zure aukeraren zain egon behar duzu. Kanpora joan eta entrenatzaileak lehenengo momentutik zuregan konfiantza hori erakusteak atezain bezala hazi eta konfiantza hori berreskuratzea egiten dizu. Indarberrituta itzuli nintzen.

Kanpoan bi urte pasa eta gero, Zarauzko taldera itzultzeko arazorik izan al zenuen?
Alderantziz. Ni kazetaria naiz eta Bartzelonan lanik aurkitu ez nuenez, etxera itzultzen bukatu behar izan dut. Nik eskubaloian jarraitu nahi nuen, baina zera pentsatu nuen: ‘orain Ohorezko Mailan daude eta ez dakit ongi etorria izango naizen’. Entrenatzailearekin harremanetan jarri nintzen eta itzultzeko asmoa nuela esan nion. Ni aurten Zarautzen egongo nintzela eta nahi bazuen nirekin kontatu zezakeela. Besoak irekita hartu ninduten, inongo arazorik ez zegoela esan zidan eta denboraldiaurrea beraiekin egiteko.

Kazetari gisa zer edo zer egin duzu, ez da hala?
Ni sare sozialetan asko ibiltzen naiz eta Twitter bidez webgune berri batean lanean hastea lortu nuen, hori bai, musu-truk. Emakumezkoen eskubaloiari buruz nahi nuena idazten uzten zidaten eta esperientzia hartzeko ondo egon zen. Handik gutxira itxi egin behar izan genuen. Orduan Argentinako lagun baten bitartez handballplanet webgunean hasi nintzen idazten. Oraingoz ez dut asko idatzi, baina abenduan Danimarkako emakumezkoen eskubaloiko Mundialera joateko balio izan zidan; akreditaturik joan nintzen webgune honekin. Ez dut dirurik ikusten, baina honetan egin nahi dut lan eta beste ezer ateratzen zaidan bitartean hori ondo dago.

Eskubaloia beste alde batetik ikusteko aukera duzu.
Hori da, nire kazetari sena nire bihotzeko kirolean aplikatzen dut. Egunen batean honetatik bizitzea nire ametsa izango litzateke. Horretarako nire kabuz webgune bat sortzen ari naiz, ea etorkizun batean horrek jaten ematen didan. Zaila izango da, baina horretan nabil. Champions-eko final honetarako prest eduki nahi nuen, baina ez dit denbora eman. Ea Joko Olinpikoetarako prest daukadan.

Zure blogarekin zerikusirik ba al du?
Idaztea gustatzen zait eta behin bloga sortzea bururatu zitzaidan, askotan Facebook-en idazten bukatzen baitut. Ez dut askotan idazten, baina noizean behin hor joaten naiz gauzak jartzen. Berez ez du zerikusirik.

Nahiko kritika azaltzen zara.
Bai, batzuetan haserretu egiten naiz eta haserre hori kanalizatu egin behar dut. Karreran hasi nintzenean konturatu nintzen bakoitzak gure gerra propioak dauzkagula, horien alde borrokatzen dugula eta ahal dugun guztia ematen dugu. Ni ohartu nintzen nirea hau zela: ezberdintasuna edo diskriminazioa genero kontuagatik kirol munduan, eta zehazki, eskubaloi munduan, nik lehenengo pertsonan bizi baitut. Komunikazioa ikasi dudanez, gauzek nola izan behar duten ikasi dut, edo nola ez duten izan behar, eta normaltzat jotzen ditugun gauzak ez dutela normalak izan behar. Horretaz asko dakien jendearekin inguratzen joan naiz urte hauetan zehar eta asko ikasten joan naiz, eta hala jarraitu nahi dut. Adibidez, orain ikastaro bat egin behar dut: ‘Periodismo deportivo: el tratamiento informativo de las mujeres en el deporte’. Etorkizun batean jendeak begiak ireki ditzala nahi dut, zentzu horretan kolaboratu nahi dut munduarekin, nire gerra propioa hori dela iruditzen zait.

Ba al duzu erreferenterik?
Bai, badauzkat, erreferenteen gaia oso garrantzitsua da nire ustez. Lehen aipatutako gaiari lotuta, falta den gauzetako bat hori dela iruditzen zait. Erreferenteak egon badaude, baina ikusgai egotea falta da. Ume txikiek, bai neskek eta bai mutilek, emakume kirolariak tituluak irabazten ikusi behar dituzte, edo ez irabazten, berdin zait, baina behintzat ikusgai egotea. Niri 2008an pasa zitzaidan jokalari batek bereziki atentzioa deitu zidala jokatzeko moduagatik, zerbait ezberdina transmititu zidan. Orain Bera Beran jokatzen duen jokalari bat da, lehenago Frantzian ibilitakoa, Bea Fernandez. Barruan zerbait piztu zidan; eskubaloiaz informatu egin nahi izatea, emakumezkoen eskubaloia ikusgai jarri nahi izatea, eta ahotsa eman nahi izatea. Horrez gain, Serbiako Andrea Lekic jokalariaren oso jarraitzailea naiz, eta ni atezaina izanik, ezinezkoa zait beste atezainetan ez erreparatzea. Esaterako, Silvia Navarro, Darly Zoqbi eta Amandine Leynaud frantsesa.

Atezaina izanik, zein jokalari ez zenuke aurrean eduki nahi?
Oraintxe bertan Cristina Neagu errumaniarra. Aurten oraindik ez dute munduko jokalaririk onena izendatu, baina argi dago bera izango dela eta ez nuke aurrean eduki nahi. Aurrekoan Danimarkaren aurka jokatzen ari zela, baloia hartu, 12 metrotara salto egin eta atezainari aurpegian eman zion. Traumatismo kranial bat eragin zion eta hilabete bat jolastu gabe egon behar izan zuen. Horregatik ez nuke aurrean eduki nahi, nahiko gogorra da atezainaren bizitza eta hori bakarrik falta zait.

Zein helburu dituzu eskubaloian etorkizunera begira?
Orain denboraldia bukatzen ari dela ez zait gustatzen jarraituko dudan edo ez esatea. Gorputzak nahikoa dela esaten didan arte jolastea gustatuko litzaidake, eta Zarautzen ahal bada, nire bihotzeko kluba baita. Baina lan kontuak ere hor daude eta niri asko gustatuko litzaidake asteburuetan nazioarteko eskubaloiko partidak ikustera joatea; ez ikustera bakarrik, lanera joatea. Honetatik bizi nahi dut eta honetaz ahalik eta gehien gozatu nahi dut.

También te puede interesar

0 comentarios