Jokin Lizeaga eta Oihana Azkorbebeitia Aiako Mendi Lasterketako garaile

33134208141_d54a0fc5d1_b

Minutu eta erdiko aldearekin irabazi du Jokin Lizeaga urnietarrak Aiako VI. Mendi Lasterketa, gizonezkoen mailan. Ordubete eta zazpi minutu behar izan du proba osatzeko, eta bere atzetik, bigarren postuan, Ruben Ruzafa aizarnazabaldarra helmugaratu da. Podiuma Andoni Olazagirre hernaniarrak osatu du: hirugarren sailkatua Rufazarengandik minutu batera iritsi da.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra izan da nagusi hasiera-hasieratik. Ordubete eta 21 minututan bukatu du korrikaldia, eta 6 minutu eta erdiko aldea atera dio bigarrenari, Mayi Mujika elgoibartarrari; hamar minutu pasatxo, berriz, hirugarrena izan den Raffaella Ciavola gasteiztarrari.

Bestalde, Hodei Alkorta izan da Aiako lasterkarien artean lehena; sailkapen orokorreko 10. postuan bukatu du, 01:14:09ko denborarekin.

Antolatzaileak gustura erantzunarekin

Ia 300 lagunek hartu dute parte aurtengo proban, eta, orotara, 285 izan dira 14,9 kilometroko ibilbidea osatu dutenak. Aiako Kirol Elkarteak antolatu du, eta elkarteko kideak guztura agertu dira aurtengo lasterketak izan duen erantzunarekin. Iaz dataz aldatu eta ekainean jokatu zuten, baina parte hartze eskasa izan zuen.

Ordura arte ekainaren hasieran jokatzen zen Zarautz- Aia lasterketa beheraka zihoala eta mendi lasterketak goraka ikusita, lehena antolatzeari utzi eta hura jokatzen zen data baliatu zuten mendi lasterketa antolatzeko.

Proba uda aldera eramateko saiakerak ez zuen espero zuten erantzunik izan, eta aurten berriro martxoa hasieran antolatu dute. Eguraldi euritsua zegoen iragarrita, baina azkenean ateri eutsi dio, eta lasterkariek korrika egiteko giro ona izan dute, nahiz eta ibilbidean hezetasuna eta lokatza topatu duten, eta toki garaienetan haize fina.

SAILKAPENAK
Gizonezkoak
1. Jokin Lizeaga 01:07:07
2. Ruben Ruzafa 01:08:42
3. Andoni Olazagirre 01:09:46

Emakumezkoak
1. Oihana Azkorbebeitia 01:21:21
2. Mayi Mujika 01:29:08
3. Raffaella Ciavola 01:31:41

 

ITURRIA: UROLA KOSTA HITZA

También te puede interesar

0 comentarios